Arabako gaixoen arreta bermatuko dute Errioxan, ordaina zehaztuta

Nietok jakinarazi du Nafarroarekin ere ados jarri dela, oraindik hitzarmena sinatu ez badute ere

Erredakzioa
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Sei hilabeteko gatazkari amaiera eman diote Eusko Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak (Espainia). Mugatik gertu bizi diren Arabako 11.000 herritarri arreta espezializatua emango diete Logroñoko San Pedro ospitalean, iazko irailera arte egiten zuen bezala. Errioxako herritarrak, berriz, Osakidetzan artatuko dituzte, hainbat espezialitatetan; hain zuzen, erkidego horretan ez dituzten zerbitzuetan.

Behin betiko ituna atzo izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak eta Errioxako Gobernuko Osasun kontseilari Jose Ignacio Nietok, Logroñon. Nietok ziurtatu zuen akordioa behin betiko dela eta «normal-normal» artatuko dituztela Arabako Oion, Lantziego, Bilar, Lapuebla de Labarca, Moreda, Ekora, Guardia, Leza, Navaridas, Villabuena, Eltziego eta Bastida herrietako biztanleak. Nafarroako gaixoak artatzeari ere utzi zion Errioxako Gobernuak irailean. Nietoren esanetan, behin betiko adostasuna lortu dute Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariarekin, baina, agenda arazoak tarteko, ezin izan dute oraindik hitzarmen hori izenpetu. Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioaren tankerakoa da Nafarroako Gobernuarekin adostutakoa, Nietoren arabera.

Mugatik gertu bizi diren gaixoen arreta bermatzeko diru funts bat osatzea proposatu berri du Espainiako Gobernuak, eta, bi osasun buruek aitortu dutenez, funts hori erabakigarria izan da akordioa erdiesteko. Erkidegoek eta Espainiako Osasun Ministerioak elikatuko dute funts hori, euren lurraldean erroldatuta ez daudenak artatzen dituztenek dirua jaso dezaten. Ordain ekonomikoa eskatu zuen Errioxako Gobernuak Arabako eta Nafarroako gaixoak artatzeari utzi zionean; aukera hori baztertu du Jaurlaritzak lehen unetik, eta zerbitzuak trukatzearen alde azaldu da.

1.700 arabar Errioxara

Osasun arretan kalitatea lehenetsi behar dela uste du Bengoak: «Zenbakiak eta gastuak baino garrantzitsuagoa da kalitatea». Nietok, baina, datu ugari ezagutarazi ditu: iazko abenduaren 15etik, bi gobernuek behin-behineko akordio bat egin zutenetik, Arabako 1.700 pertsona inguru artatu dituzte Logroñon; aldiz, Errioxako 70 herritar joan ziren Osakidetzara.

Eusko Jaurlaritzaren eta Errioxaren arteko eztabaida konpontzeko Espainiako Osasun ministro Ana Matok eginiko lana goretsi du Nietok. Errioxako Osasun kontseilariaren ustez, bi lurraldeetako gobernuen arteko harremanak okertu egin zituen aurreko legealdian Espainiako Gobernuko Osasun ministro izan zen Leire Pajinek. Horrelako interpretaziorik ez egiteko eta gatazka konpontzeak nori egiten dion mesede ez pentsatzeko eskatu du Bengoak: «Euskal herritarrek eta errioxarrek irabaziko dute behin betiko akordio honekin».

Bi gobernuek abenduan adostu zuten behin-behineko akordio bat, negoziatzen segitu bitartean Errioxako eta Arabako herritarren osasun arreta bermatzeko. Otsailaren 29rako lortu behar zuten behin betiko hitzarmena, baina, ordurako akordiorik ez zutenez egin, hilabetez luzatu zituzten negoziazioak. Gaur zuten behin betiko hitzarmena izenpetzeko azken eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.