Eusko Jaurlaritza Araban egiten ari den gas zundaketen inguruan eztabaidatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Legebiltzarreko talde guztiek, PSE-EEk izan ezik, "zuhurtziaz joka dezala" eskatu diote Jaurlaritzari, baita "zundaketak egin aurretik, egitasmoaren inguruko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egin dezala".
Aralarrek, EAJk, PPk, EAk, Ezker Anitzak eta UPDk erdibideko zuzenketa sinatu dute, eta hiru eskaera egin dizkiote gobernuari: "ofizioz" ekin diezaiola hidrokarburoak miatzeko planaren egitasmoari, arriskuen azterketa bat egin dezala, eta hondakinei dagokienez kudeaketa-plana egin dezala.
Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak "tranpa egitea" leporatu dio gobernuari. Haren arabera, “zundaketak egiteko bakarrik eskatu dute baimena, eta egiten ari direna ez da soilik zulo bat". Jarduera horiek plan oso baten baitan jarri behar direla gaineratu du, "Arabako Lautadan gasa ustiatzeko plan orokorraren baitan”, hain zuzen.
Maezturen iritziz, “behar-beharrezkoa da ingurumen inpaktuaren ebaluazioa pasatzea", ingurumenak kalterik pairatuko ez duela ziurtatzeko eta herritarren parte-hartzea bermatzeko.