Arabako lurpeko gas natural ez-konbentzionala erauzteko arrazoiak aletu ditu Eusko Jaurlaritzak. Arrazoi ekonomikoak, eta energetikoak: batetik, 30.000 milioi euroko balioa izan dezake gas natural horrek (Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren urtebeteko barne produktu gordinaren erdia); bestetik, hiru herrialde horien 60 urteko gas naturalaren kontsumoa aseko luke. 185.000 metro kubo gas dagoela uste du Jaurlaritzak.
Gas natural ez-konbentzionala erauzteko proiektuari buruzko xehetasunak eman zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Industria eta Energia sailburu Xabier Garmendiak, Energia zuzendari Jorge Letamendiak eta Euskadiko Hidrokarburo Baltzuko arduradun Juan Cruz Vicuñak egin zuten agerraldia, Gasteizen. Gasa erauztea bideragarri ote den aztertuko dute lehenik; udaberrirako hasi nahi du Jaurlaritzak, eta bi putzu zulatuko ditu horretarako. Espainiako Ingurumen Ministerioak ez du beharrezko ikusi prospekzio putzuen lanetarako ingurumen azterketa egiterik, «eragina hutsa edo hutsaren parekoa» dela iritzita.
Gasteiztik hamar bat kilometrora, N-1 errepidearen ondoan (Ruta Europa hotelaren inguruan) egingo dituzte probarako zundaketak. Zundaketa lan bakoitzak hiru hilabete eta erdi iraungo du; ehun milioi euro inguruko kostua dute lanek, eta lurpean ez dutela kalterik eragingo adierazi dute arduradunek.
Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dituzte probekin, baita ingurumenean eragin ditzakeen kalteak ere. Hiru aldagaietan bideragarritasuna dagoela ondorioztatzen bada soilik hasiko da gas naturala ustiatzen, Garmendiaren eta Vicuñaren esanetan.
Prospekzio lanek bizpahiru urte irautea espero dute proiektuaren arduradunek. Horrenbestez, nabarmendu dute Jaurlaritzako hurrengo gobernu taldeari egokituko zaiola proiektuarekin jarraitu edo ez erabakitzea. Garmendiak ziurtatu du gas natural ez-konbentzionala erauzten hasteko erabakia ez dela hartu oraindik, eta egitekotan «ingurumenarentzako baldintzarik onenekin» egingo dela.
Gas natural ez-konbentzionala lur azpiko haitzei lotuta egoten da. Fracking edo haustura hidraulikoa deituriko teknikarekin erauzten da: ura presioan sartzen da haitzean, gasa askatzeko. Hainbat herrialdetan salaketak jaso ditu teknologia horrek, gasa askatu bai, baina akuiferoetara isurtzen delako, haiek kutsatuz.
Arabako gasari 30 mila milioi euroko balioa eman diote
Probarako zundaketak hastekoa da Jaurlaritza, Espainiak ez duelako ikusi ingurumen eragina aztertzeko beharrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu