Arabako Salhaketak heriotza baten berri eman du. Salatu duenez, joan den ostiralean, uztailaren 17an, 23 urteko gizonezko arabar bat hilda agertu zen Zaballako espetxean. Ziegan aurkitu zuten gorpua. Elkartearen arabera, heriotza horrek areagotu egin du espetxeetan hildakoen «zifra makabroa», eta uste du eragotz zitekeen «tragedia bat» dela. Are, erantsi dute Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ez duela heriotzaren berri eman.
Elkarteak uste du heriotza horiek «ezkutatu» egiten direla: «Heriotza horiek ezkutatzeko sistematika politikoa salatu nahi dugu, batez ere COVID-19aren epidemiaren ondorioz». Haren iritziz, ez da inolako informazio publikorik ematen, baina, bitartean, pertsona horien bizitza, batik bat gazteena, «amaitzen» ari da erakunde publikoetan, elkartearen arabera. Gainera, gehitu dute erakundeen menpe dagoela pertsona horien osasunerako eta bizitzarako eskubidea. «Zer gertatzen da? Zergatik ezkutatzen dituzte heriotzak? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk izango balira?».
Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzari, Barne Ministerioari eta gobernuari galdegin diote ea nola amaituko den egoera «beldurgarri» hau. Besteak beste, elkarteak jakin nahi du ea zenbat heriotza gertatu diren, nortzuk diren hildakoak, zeintzuk izan diren arrazoiak, zer prebentzio neurri ezarri diren eta gaixotasun aurreraturen bat dutenak zergatik ez diren espetxetik ateratzen. «Argi esan daiteke gehiegi direla erantzunik gabeko galderak». Beste inor ez hiltzeko, neurri zehatzak eskatu dituzte.
Salhaketaren eskariak
Espetxeetan gertatzen diren heriotzak direla eta, Arabako Salhaketak heriotza horiek ikertzeko eskatu dio Espainiako fiskaltzari: esate baterako, heriotzaren zergatiak eta «erantzukizun politikoak, administratiboak eta penalak» argitzeko. Are gehiago, elkarteko kideek uste dute espetxeetako zuzendaritzek «inpartzialtasunez» eman behar dietela informazioa hilen familiei, baita beharrezko laguntza guztiak eskaini ere. Presoen osasun egoera ere izan dute oinarri: «Legeak aurreikusten duen bezala, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzeko eskatzen dugu, bereziki fase terminalean daudenak, bai eta buruko gaixotasunak dituztenak ere, kasu askotan suizidioa eragiten baitute».
Pauso bat harago ere jo dute: «Zigor eta espetxe arloko legedia berehala erreformatzeko eskatzen ditugu; beharrik gabe luzatzen ditu kondenak, eta mugatu egiten ditu irteteko baimenak, hala nola hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera». Hain zuzen, uste dute presoen heriotza kopuruak gora egin duela zigorrak luzatzearekin bat. Azkenik, presoen kopurua espetxe bakoitzaren gaitasunera murriztea ere aipatu dute, «egungo masifikazioa» eragozteko: «Nahiz eta ez izan bakarra, heriotza horietan eragina duten arrazoietako bat da».
Aurten, bigarren heriotza
Zaballako espetxean hildako bigarren presoa da egunotan zendutakoa. Hain zuzen, presoen eskubideen aldeko elkarteak jakinarazi zuen preso bat hil zela joan den apirilaren 7an Gasteizko Santiago ospitalean. Emandako informazioaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak zituen, fisikoak eta psikikoak, eta, horren ondorioz, laster espetxetik ateratzekoa zen. Badirudi ospitalera eraman zutela ebakuntza bat egitera, baina istiluren bat izan zuela erizainekin, eta ertzainek esku hartu zutela, «indarra erabiliz». Hala ere, elkarteak ezin izan zuen egiaztatu hildakoa nor zen, eta ezin izan zituen argitu heriotzaren nondik norakoak.