errenta

Arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren batez besteko errenta 19.286 euro izan da 2013an

Gipuzkoarrena eta donostiarrena izan da errentarik handiena. Hala ere, 2011ren aldean, %2,2 jaitsi da norbanakoen errenta hiru herrialdeetan. Emakumezkoen errenta gizonezkoena baino askoz ere txikiagoa da. 

Donostiako kaleak, herritarrez beteta. JUAN HERRERO, EFE
2015eko maiatzaren 26a
08:25
Entzun

Jaitsi egin da norbanakoen batez besteko errenta 2011tik 2013ra; izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei %2,2 murriztu zaie batez besteko urteko errenta. 2013an 19.286 euroko errenta izan zen batez bestekoa hiru herrialdeetan. Hala dio Eustaten azken inkestak. 

Inkesta horren arabera, gipuzkoarrena da errentarik handiena; 19.734 eurokoa izan baitzen 2013an. Haren atzetik daude arabarrak (19.359 euro) eta bizkaitarrak (18.994 euro). Eta, hain justu, Bizkaiko errentak murriztu dira gutxien 2011z geroztik (%1). 

Hiriburuei dagokienez, Donostiako errenta izan zen altuena; donostiarren errentaren batez bestekoa 22.260 eurokoa izan da. Hurrenez hurren daude Bilbokoa eta Gasteizkoa. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 urtez gorako herritarren %86,5ek jasotzen dute errentaren bat; horien %59,7 bataz bestekoaren azpikoak izan dira. 

Emakumezkoen errenta, txikiagoa

Herritarren errentaren %61,4 lanaren ondorioz eskuraturikoa da. Gainerakoa, trasnferentzia bidez edota laguntza sozialen bitartez jasotakoa da. 

Gizonezkoen eta emakumezkoen errentak alderatuta, azken hauen errenten zenbatekoa askoz ere txikiagoa da; gizonezkoen errentaren bataz bestekoa 24.414 eurokoa baita, eta emakumezkoena 14.526 eurokoa.  Batik bat, 60 urtetik gorako emazte eta gizonen arteko aldea da handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.