Gizartea

Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iritsitako 84 lagunek eskatu zuten iaz babes politikoa, eta 19k jaso zuten

CEAR Iheslariak Laguntzako Espainiako Batzordeak salatu du Espainiako Gobernuak ez duela arlo horretako nazioarteko legedia betetzen. Eusko Legebiltzarrari eskatu dio Madrili galdegin diezaiola iheslarilak babesteko.

2008ko ekainaren 19a
15:43
Entzun
Iaz 458 lagun joan ziren CEARen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bulegoetara iheslari politikoak zirela adieraziz eta laguntza esker. CEARen laguntzarekin horietatik 84 lagunek egin zuten babes politiko eskaera, eta Espainiako Gobernuak 19ri soilik onartu zien. Datu horretatik abiatuta, Espainiako Gobernuak iheslariekin jokabide uzkurra duela salatu du CEARek; areago, arlo horretako nazioarteko hitzarmenak ez dituela betetzen agertu du.

Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrean ekimena aurkeztuko du CEARek erakunde horrek Espainiako Gobernuari eska diezaion iheslariak babesteko.

Iaz CEARera hurbildu ziren 458 lagun horietatik gehienak Kongoko Errepublika Demokratikotik iritsitakoak ziren (%14,85) eta Kolonbiakoak ia beste horrenbeste (%14,19). Halaber, gehienak Bilbon bizi dira egun, eta 336 gizonezkoak ziren eta 122 emakumezkoak.



Babes politikoa lortu zutenen 19 lagunen artean, berriz, bi familia zeuden: bat Irakekoa eta bestea Aljeriakoa. Boli Kostako beste bederatzi lagunek eta Kolonbiako batek osatzen dute estatus hori lortu zutenen taldea.

Urtea hasi denetik 265 lagun joan dira CEARera laguntza eske. Aurten ere, Kongoko Errepublika Demokratikokoak eta Kolonbiakoak dira gehienak, baina Nigeriakoak ere talde handia osatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.