Urte guztiotan gaur egun kritikatzen ditugun erabakien parte izan da PSN. Ez da haren aurpegia garbitu behar”. Hitzokin, Adolfo Araiz EH Bilduko zerrendaburuak argi utzi du ez dutela aurreikusten PSNk negoziazioetan parte hartzea: “Bere erabakiengatik ezagutuko dituzue, eta bere erabakiengatik ezagutu ditugu”.
EH Bilduk batzarra egin zuen atzo hala Nafarroako Gobernuaren nola udalen negoziaziorako irizpideak zehazteko. Irizpide nagusia da gehiengoek ahalbidetzen duten erakunde guztietan UPN oposiziora bidaltzea, eta “UPNrik gabeko gobernuak osatzea”.
Era berean, alternatibako indarren artean lehenak prozesu hori gidatzeko zilegitasuna eta ardura hartuko luke. Gainera, gobernu “egonkorrak eta sendoak” osatu nahi ditu EH Bilduk. Lau ardatz bultzatu nahi dituzte: erakundeen demokratizazioa; agenda sozial zabala; zerbitzu publiko komunen defentsa; eta aniztasunaren eta elkarbizitzaren normalizazioa.
Gainera, Nafarroan hartu behar dira erabakiak. Horregatik, “zentzugabetzat” jo zuen PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek eta PSNko Maria Txibitek EH Bildu gobernutik at ikusi nahi izatea. Haren ustez, PSNk jarrera horrekin “bere burua baztertu du”.
Negoziazioen inguruan ezer aurreratzeko “goizegi” dela uste du, baina gobernua Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerrak osatutako gehiengoaren inguruan bildu behar dela deritzo. Indar guztiak egon arren, “alderdien kuotak ez dira egon behar” gobernuan, Araizen ustez. Lehentasuna akordio programatikoa lortzeari eman dio.