Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinatzaileak EAri NaBai koalizioan egon nahi duen galdetu dio, baina baldintzak jarri dizkio. Hau da, "Batasunarekin" dituen "konpromisoak" uzteko eskatu dio. "EAk Nafarroarako Batasunarekin konpromisoak ditu, Alternatibak eta biek Hego Euskal Herrirako ere badute ituna, eta horri lehentasuna emango diotela esan dute, gainera. Baina EAk NaBairekin ere badu konpromisoa. Bi apustuak ez dira bateragarriak. Ezin da hori, eta EAk erabaki beharra dauka, apustu bat egin behar du", adierazi du Jimenezek gaur goizean Info7 irratian.
Aralarreko agintariaren ustez, oker dabil Eusko Alkartasunako zuzendaritza, "Nafarroako haren militantziaren gehiengoa EA NaBai egotearen aldekoa delako".
Iritzi dio horrek denak "Nafarroako gizartean nahasmena" sortu duela. "Ez da egoerarik onena hauteskundeetara heltzeko".
EAk bihar erabakiko du NaBain segitu edo ez, nazio batzarrean. Lehengo ostiralean koalizioaren agerraldian Aralar, EAJ eta independente batzuen ordezkariak agertu ziren, EA gabe.
Aralarrek ezker abertzaleari betorik ez diola jarri adierazi du Jimenezek, "Batasunak ez duelako behin ere eskatu NaBain sartzea".
EAJk koalizioaren bidea markatzea baztertu du Aralarreko buruak, "Nafarroan daukan pisua duelako EAJk".
EA: "Aralarrek EAJri ez dizkio eskatzen bermeak"
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak dio ez duela ulertzen Aralarrek bere alderdiari "etorkizunera begirako bermeak" eskatzea, "EAJri ez dizkiolako eskatzen, EAJ Zapaterorekin NaBairen irizpide politiko eta programatikoei eraso egiten dieten akordioak egiten ari denean". Onda Vasca irratian hitz egin du Urizarrek.
Ezker abertzalea: "Espero dugu EAk gurekin segitzea"
Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak Aralarren jarrera kritikatu du, hark eurei NaBain sartzeko aukerari "betoa" jartzeagatik, eta "espero" du EAk ez hartzea bide hori. "Espero dugu EAk gurekin eta Euskal Herriko beste eragile batzuekin hasitako lana segitzea". Moreno ere Info7n mintzatu da, gaur.
Duela bi aste Guardia Zibilak Nafarroan ezker abertzaleko kide batzuen aurka egindako operazioa "kasualitatea" ez zela izan adierazi du Morenok, "ezker abertzalearen apustua aurrera zeramaten lagunen kontra jo zuelako".
nafarroa
Aralar: "EA ezin da bi aldeetan egon: erabaki beharra dauka"
Txentxo Jimenez Nafarroako koordinatzailearen ustez, Eusko Alkartasunak NaBairekin eta "Batasunarekin" egindako "apustuak ez dira bateragarriak". EAk bihar erabakiko du koalizioan segitu edo ez, nazio batzarrean. Ezker abertzalea: "Espero dugu EAk gurekin jarraitzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu