Euskal Herrian ireki den garai politiko berriari buruzko eztabaida nagusi izango da gaur Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, Patxi Lopez lehendakariak bake bidean aurrera egiteko iragarriko dituen neurrietatik harago, legebiltzar taldeek bakegintza eta elkarbizitza sustatzeko neurriak proposatuko dituzte. Zehazki, Aralarren ekimenez, Eusko Legebiltzarrean bi lantalde eratzea eztabaidatu eta bozkatuko dute: bata, bakegintza eta elkarbizitza eraikitzeko egitasmoak aztertzeko, eta, bestea, EAEko herritarrak bere barnean har ditzakeen itun politiko berria lantzen hasteko.
Bakegintzari eta elkarbizitzari buruzko lantaldea eratzeko proposamenari osoko zuzenketa bana aurkeztu diote PSEk, PPk eta UPDk. Nolanahi ere, Legebiltzarraren gehiengoaren babesa lortze aldera, testu bateratua negoziatzen aritu ziren atzo Aralar eta PSE-EE. Gaur goizean akordioa lortzeko ahaleginetan jarraituko dute bi taldeek, eta akordioa itxi ala ez lehendakariaren neurriak entzun osteanerabakiko dute. Edozelan ere, Aralarreko iturriek BERRIAri baieztatu diote akordioa lortzeko aukerak egon badaudela eta legebiltzar taldea baikorra dela. Akordioa lortuko balute, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak bakegintza lantzeko batzorde txostengile bat sortzearen alde egingo luke gaurko saioan, EAJren eta Ezker Anitzaren aldeko botoa ere izango bailuke adostutako zuzenketak.
Izan ere, EAJk eta Ezker Anitzak ez diote osoko zuzenketarik aurkeztu Aralarrek lantaldea eratzeko egin duen proposamenari, eta adierazi dute bat egiten dutela Aralarren asmoarekin. Mikel Arana legebiltzarkideak, esaterako, egoki iritzi dio indarkeriaren ondorioak eta itun berri baten beharra ponentzia bereizietan eztabaidatzeari.
EAk, berriz, ez du egingo txostenen eraketaren aurka, baina gaurko eztabaidan argi utziko du bakegintza lantzeko eta itun politiko berria lortzeko eratu nahi diren foroek ahalbidetu eta bermatu beharko dutela «indar eta eragile politiko guztien parte hartze normalizatua eta etengabea». Hala, Eusko Legebiltzarreko lantaldeetan, besteak beste, ezker abertzaleak modu iraunkorrean parte hartzeko modua izatea proposatuko du EAk.
Otsailean lehendakariari egindako bi galdera «erantzun gabe» geratu zirelako erabaki du Aralarrek proposamenok bilkurara eramatea. Hala, legebiltzar taldeak uste du ezinbestekoa dela Eusko Legebiltzarrak «ekimena» hartzea garai politiko berri honetan, eta bakegintzan aurrera egiteko eta itun berria lortzeko, lantalde bana eratzea proposatu du. Batzorde txostengile biak «irekiak» izatea eta «inolako bazterketarik» gabe osatzea nahi du Aralarrek.
Bakegintza lantzeko lantaldeari dagokionez, gainontzeko erakunde eta bake alorrean lanean ari diren gizarte taldeei parte hartzea bermatu nahi die Aralarrek. Lantaldeak bi xede izango lituzke, mozioan zehaztu duenez: batetik, «indarkeriaren ondorioei zer-nolako aterabideak» eman behar zaizkien eztabaidatzea eta adostea, eta, bestetik, Euskal Herriko herri eta auzoetan «bakearen kultura lantzea eta hedatzea» eta «elkarbizitza sustatzeko» hartu beharreko ekimenak eztabaidatzea eta adostea.
PSE-EEk ez du aipatu lantaldea hitza bere zuzenketan, baina horren ordez «bizikidetza foroa» eratzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari. Jesus Loza eta Jose Antonio Pastor sozialistek sinatutako osoko zuzenketak dioenez, foro horren helburua izango litzateke «bizikidetza lortzeko neurriak bultzatzea eta horien jarraipena egitea».
PPren eta UPDren osoko zuzenketak, ordea, oso bestelako norabidean doaz. Bake bidean aurrera egiteko foro edo lantalderik eratzea baztertu dute euren testuetan. Espainiako Kongresuak joan den otsailean ETAren amaieraren inguruan adostutako ebazpena bere egin du PPk bere zuzenketan. Iñaki Oiarzabal legebiltzarkideak adierazi duenez, bere taldea prest dago Eusko Legebiltzarrean foro bat sortzearen inguruan hitz egiteko, baina soilik «ETAren egitasmoa deslegitimatzeko» bada.
UPDren zuzenketak, bestalde, eskaera zehatzak egin dizkio Legebiltzarrari: esaterako, ETAri eska diezaiola baldintzarik gabe desegiteko, armak entregatzeko, egindako «samina» aitortzeko eta justiziari laguntzeko «hilketak argitu» daitezen.
Itun politiko berria
Bakegintza lantzeko ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan itun politiko berria eztabaidatzen hasteko ere beste batzorde txostengile bat sortzeaproposatuko du Aralarrek gaurko bilkuran. Legebiltzar taldeak bere proposamenean azaltzen duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak bere barnean hartu beharko lituzke itun berri horrek, «baina erabat itxi gabe beste erkidego zein estatu batzuetako herritarrak ere barne hartzeko aukera».
Itun horrek «EAEko elkarbizitzaren oinarri» izan beharko lukeela dio, eta haren bitartez erkidegoko herritarren proiektu politiko guztiak gauzagarri izan beharko liratekeela. Hartarako, talde politikoei eta EAEko gainerako erakundeei irekita egongo litzatekeen lantaldea eratzea proposatu du Aralarrek.
Ekinaldiari osoko zuzenketa aurkeztu dio EAk, kasu honetan ere lantaldean ezker abertzaleak esku hartzeko modua izan dezala eskatzeko. Hala, EAk gaurko bilkuran Eusko Legebiltzarrari eskatuko dio «neurri eraginkorrak» har ditzala Euskal Herriko alderdi eta erakunde politiko guztiek, inolako bazterketarik gabe, lantalde horretan «modu normalizatuan eta etengabean» parte hartzeko aukera izan dezaten bermatzeko. EAren ustez, gainera, Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko itun politiko berria lantzen eta adosten hasteko balio beharko luke balizko batzorde txostengile horrek, betiere «proiektu politiko guztiak bide demokratikoak erabiliz gauzagarri izatea bermatuko» balu.
Lehendakaria, hasteko
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agerraldiarekin abiatuko da gaur, goizean goiz. ETAk jarduera armatua utzi eta gero bake bidean aurrera egiteko ibilbide orria aurkeztuko die lehendakariak legebiltzar taldeei, eta ados jartzen saiatuko da neurriak aurrera ateratzeko. «Euskadin bakea eta bizikidetza egonkortzeko proposamen irekiak» egingo ditu lehendakariak gaurko plenoan, eta «indarkeriaren zikloa behin betiko ixteko» akordioak bilatuko ditu. Taldeen adostasuna bi norabidetan lortu nahi du lehendakariak: batetik, iazko irailean aurkeztu zuen dekalogoari «behin betiko bultzada» emateko, eta, bestetik, indarkeriaren aroari amaiera emateko.
Lehendakariaren neurriak ez dira bozkatuko, baina taldeek euren iritzia azaltzeko aukera izango dute.
Aralar eta PSE bakerako foro bat sortzeko akordioa lantzen ari dira
Akordioa lortuz gero, bakegintza eta elkarbizitza sustatzeko lantaldea eratzearen alde egin lezake gaur Eusko LegebiltzarrakPatxi Lopez lehendakariak aro berrian aurrera egiteko neurriak iragarriko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu