Ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin koalizioa osatzeko negoziazioak hasiko ditu Aralarrek, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira. Gaur egin du batzarra Aralarrek, Gasteizko Goiuri jauregian, eta proposamenak %93,8ko babesa jaso du. 160 kide inguruk parte hartu dute batzarrean.
Alderdikideen %3,1 proposamenaren aurka agertu dira, eta %3,1 abstenitu egin dira, Aralarrek zabaldutako datuen arabera.
"Eztabadaida bizia izan da, eta iritzi trukaketa handia izan dugu. Kontuan hartzen ditugun zenbait gai aipatu dizkigute, batzuk autokritikoak eta beste batzuk proposamenak, baina guztiak aintzat hartzen ditugu eta kontuan izango ditugu”, esan du Patxi Zabaleta koordinatzaileak.
Zabaletak dei egin zien atzo alderdikideei batzarrean parte hartzera.
Azaroaren 20ko Espainiako hauteskundeetan Amaiur koalizioaren barruan aurkeztu zen Aralar. 2011ko irailean egindako batzar batean hartu zuten erabakia, %71,75eko babesarekin.
Batzarrean ez dute parte hartu, besteak beste, Aintzane Ezenarrok, Oxel Erostarbek, Jon Abrilek eta Mikel Basabek. Zabaletaren arabera, Aralarren ez dago "antolatutako sektore kritikorik", eta "errespetu guztia merezi duten iritziak" daudela gaineratu du.
Onartutako proposamenak "nazio akordio estrategiko bat" negoziatzea ahalbidetzen du, eta horrek AB Abertzaleen Batasuna ere kontuan hartzen du. Hala ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira koaliziotik kanpo geratuko litzateke AB.