Aralar hitz egiteko prest azaldu da, «elkar ulertzeko garaiak direlako»

«Euskal Herriaren ordezkaritza hori oso garrantzitsua litzateke etorkizunean», adierazi du Patxi ZabaletakIruñeko zinegotzi Iñaki Cabases egungo NaBai koalizioaren alde agertu da

Pello Urzelai.
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Aralarrek badu plan bat datozen hauteskundeetarako. Irailaren 17an egingo duen kongresuaren txostenean jasota dago, eztabaidatzeko. Baina prest azaldu da EA, Alternatiba eta ezker abertzaleak joan den astean egin zuten aliantza proposamenaz hitz egiteko. «Prest azaldu gara elkarrizketarako, uste dugulako elkar ulertzeko garaiak direla», adierazi zuen atzo Patxi Zabaletak, Aralarreko koordinatzaile eta NaBaiko eledunak, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean. Oraindik ez dira elkartu proposamenaz hitz egiteko, baina aurki elkartuko dira.

Zabaletak azaldu duenez, Aralarren hasierako plana Kongresurako hauteskundeak eta Senaturako hauteskundeak bereiztea da. Kongresurako, Bildu eta Aralarren arteko batuketa bultzatuko luke Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta NaBai eta Bilduren arteko Nafarroan. Patxi Zabaletaren esanetan, «izena gutxienekoa da». Senaturako, ordea, plataforma zabalago bat bultzatuko luke, erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta, EAJri eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden guztiei zabalduta. «Kataluniako Entesaren antzeko zerbait». Aralarren proposamena hor dagoela dio Zabaletak, «baina ez da dogma bat».

Patxi Zabaletak uste du elkarketara «ezberdintasuna aitortuta» joan behar dela beti. «Garai hauetan hori egiteko adierazle komunak badaude, egon badaude. Politikarien ardura da hori lortzen saiatzea, duintasunaren oinarrietan hankak jarrita», gaineratu du.

Koalizioa, herriaren esanetara

Aralar EArekin, ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin batera aliantza bat osatzearen alde agertuko balitz NaBai kolokan egongo ote litzatekeen galdetuta, Patxi Zabaletak koalizioak zertarako sortzen diren ekarri du gogora. «Koalizio guztiak, NaBai, Bildu edo beste edozein, beti izaten dira momentu batean, egoera batean erantzunak emateko sortuak». Zabaletaren irudiko, NaBai aintzat hartzeko «erreferentzia duin bat» bada ere, «politikan indar politiko guztiek herriaren esanetara egon behar dute, herriaren behar eta premietara, baita NaBai ere».

Horren harira, Esparru ideologikoak eta esparru elektoralak izenburuko iritzi artikulua argitaratu du Patxi Zabaletak gaur BERRIAn. Esparru ideologikoak eta hauteskundeetakoak ez direla berdinak eta hori ezkerrak kontuan hartu beharko lukeela nabarmendu du. 2003an NaBaiko hiru alderdiek Batasunari, IU-NEBi eta Batzarreri egindako eskaintza gogora ekarri ondoren, oraingoan indarrak bateratzeko beharra aldeztu du: «XXI. mendean, ezin dira nahastu esparru ideologiko-politikoak eta hauteskundeetako esparruak. Eztabaida neurri horretan egitea antzugarria izango litzateke ezkerreko indar politiko abertzaleontzat, Nafarroan egiazkoalternatiba politiko bakarra garen neurrian». UPNk PSN «abduzitu» ondoren egoerak eskatzen duen alternatiba politikoak bakezalea, aurrerakoia eta plurala izan behar duela uste du Zabaletak.

«Hauteskunde orokorrei dagokienez, NaBaik egindako ibilbide duina abiapuntutzat hartu behar du, esparru ideologiko-politikoek ez dutela derrigorrean bat egin behar esparru sozio-elektoralekin kontuan izanez, beste inork baino hobeto NaBaik berak erakusten duen moduan», erantsi du.

NaBaiko independente batzuek sortu duten Zabaltzen elkarteari dagokionez, Patxi Zabaletak uste du zilegi dela eta ekimena errespetagarria dela. Baina, Zabaletaren irudiko, «etorkizuneko pausoa ez da beste alderdi bat sortzea, baizik eta esparru sozio-elektoral zabal batera pausoak ematea».

Cabasesen ikuspuntua

Iñaki Cabases NaBaiko zinegotzi eta EAko kide ohia egungo koalizioaren jarraipenaren alde agertu da, aliantza berria osatzeko proposamena alde batera utzita.

Cabasesen ustez, Aralarrek, azkenean, ez du utziko NaBai. «Uste dut ezetz, uste dut ez dela irtengo, beste zenbait gauzaren artean Aralarrek esan duelako Nafarroan garatu beharreko estrategia ezberdina dela». Cabasesen irudiko, NaBaik «alderdien sigla guztien gainetik» iraungo du, «Nafarroan dagoen errealitate politikoak estrategia bereizia eskatzen duelako». Toki guztietan politika bera egitea «huts egitea» dela nabarmendu du. Iñaki Cabasesen ustez, NaBai sendotu eta aurkeztuko da datozen hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.