ENIRIO-ARALARKO PISTA

Aralarko pisten auzia Tolosako epaitegira bideratu du fiskaltzak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar mankomunitateak onartutako proiektuan "lege-hauste zantzuak" egon litezkeela adierazi du fiskaltzak, Landarlan eta Eguzki talde ekologistek iaz helarazi zioten informazioa aztertu ostean.

Doniturrieta txaboletaraino gaur egun doan bidea; pista egin nahi dute hor. BERRIA
2017ko irailaren 4a
08:39
Entzun

Iazko udazkenean jo zuten Eguzki eta Landarlan talde ekologistek Ingurumen Fiskaltzara. "Intzentsao-Goroskintxu pista proiektuak Aralar natura parkearen legedia hainbat puntutan urratzen" zuela salatu zuten, eta, orain, fiskaltzak aintzat hartu du bi elkarteen iritzia; "lege-hauste zantzuak" egon litezkeela iritzita, Tolosako epaitegiaren esku utzi du auzia.

Eguzkik eta Landarlanek pozik hartu dute erabakia, eta Enirio eta Igaratzako txabolak lotzeko pista berriaren proiektua "bertan behera" uzteko galdegin dute; baita "etor litekeen beste edozein proiektu" ere. Izan ere, fikaltzak epaibidera eraman berri duen pistaren zatia egina dago dagoeneko, eta pistaren bigarren zatia tramitazio fasean dago egun.

Aralarren egin asmo duten pistaren bigarren zatia, lehena bezala, "Natura 2000 sare barnean dagoen Aralarko natur parkean" dagoela nabarmendu dute talde ekologistek, eta kontserbazio bereziko eremu babestuan eraiki nahi dela. Horrez gain, adierazi dute proiektuak ez duela jasotzen beharrezko duen ingurumen eraginaren ebaluazio bereizia. Eguzkik eta Landarlanek "legediaren interpretazio interesatua" egotzi diete proiektuaren bultzatzaileei.

Bi elkarte ekologistek ohartarazi dute Aralarko pistaren proiektuak "gatazka soziala eragin duela" Enirio-Aralar Mankomunitateko kide diren herrietan eta hainbat direla egitasmoaren aurka agertu diren eragileak: Naturkon, Aranzadi, Ahal Dugu, EH Bildu eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko mendi federazioak aipatu dituzte.

Egoerari irtenbidea emateko, Aralarrentzako kudeaketa plan berria eskatu dute; "legedia errespetatuko duena eta Aralarko erabiltzaile guztien interesak kontuan hartuko dituena, betiere naturaren kontserbazioa lehenetsiz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.