politika

Aralarrek alderdikideei galdetuko die Amaiurreko eragileekin koalizioa osatzearen inguruan

Martxoaren 3an egingo duten batzarrean aztertuko dute gaia. Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaileak aurreratu du dagoeneko alderdiekin "hitz egiten" ari direla, baina Aralarreko kideen oniritzia beharrezkoa dela "negoziazioekin modu formalago batean jarraitzeko".

2012ko otsailaren 22a
15:56
Entzun

Aralarrek alderdiko kideei galdetuko die Amaiur osatzen duten alderdiekin berriro koalizioa osatzeko proposamenari onarpena ematen dioten. Martxoaren 3an egingo duen Hegoaldeko batzarrean aztertuko dute gaia, datozen hauteskundeei begira. Dagoeneko "hitz egiten ari direla" jakinarazi du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, baina alderdikideen oniritzia beharrezkoa da haren ustez, "negoziazioekin modu formalago batean jarraitzeko".

Akordioa, ordea, hauteskundeetatik haratago doala nabarmendu du gaur Donostian emandako prentsaurrekoan. "Etorkizuneko helburua eta ideologia-helburua" ere edukiko lituzke akordioak. Zabaletarekin batera izan dira Igor Lopez de Munain Arabako koordinatzailea eta Rebeka Ubera antolaketa idazkaria.

Zabaletak onartu du proposamenarekiko "sektore kritiko bat" badagoela, baina argitu du proposamena ez dela "baztertzailea". Horrez gain, Zabaletak gogorarazi du Aralarren izaera beti egon dela lotuta "bakea bultzatzearekin eta bide politikoak erabiltzearekin".

"Amaiur koalizioak lortu dituen emaitzak inoiz ezker abertzale eta pluralak hauteskunde orokor batzuetan lortu dituen emaitza onenak dira", esan du Zabaletak. Horregatik, "euskal gizarteak azaldu duen jokaerari ezin zaio muzin egin", gaineratu du.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.