Aralarrek Eusko Jaurlaritzaren 2020 Estrategia Energetikoaren aurka helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian, "Ingurumeneko Eraginaren Ebaluaziorik gabe onartu delako".
"Estrategia energetikoak derrigorrez, eta legez, Ingurumeneko Eraginaren Ebaluazioa izan beharko luke, baina hori gabe onartu du Eusko Jaurlaritzak eta horregatik helegitea jarri dio Aralarrek", azaldu du Dani Maeztu legebiltzarkideak. Otsailaren 17an aurkeztu zuen Aralarrek helegitea, "badaezpada eta behin-behinean estrategia bertan behera geratzeko".
Maezturen iritziz, gobernuak jarraitu duen prozeduran “salagarriena eta larriena da estrategia parte hartze politikorik eta sozialik gabe onartu dela”.
Horrez gain, Maeztuk gogorarazi du Aralarrek ekimena erregistratu duela Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak estrategia energetikoa plan bezala legebiltzarrean aurkez dezan. Plan moduan aurkeztuko balitz, talde bakoitzak bere proposamenak egiteko aukera izango luke, "era horretan prozesua parte hartzaileagoa eginez".