«Etorkizuneko ezker abertzale zibil eta zabala» eraikitzearen alde egingo du Aralarrek datozen bi urteetan. Erabaki horixe hartu zuten Aralarreko militanteek duela bi urte Iruñeko Baluarte auditoriumean, IV. Kongresuan, eta orduko hartan onartutakoaren «jarraipena» egitea erabaki zuten joan den asteburuan Derion, V. Kongresuan.
Azken kongresuan onartutako txosten politikoaren bidez, «sakon» landutako hamar proposamen jarri nahi dituzte indarrean. Proposamen horiek, gainera, bere burua «ezkerrekoa eta abertzalea» duen alderdiaren edukiekin osatu dutela azaldu du Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak Hegoaldeko Zuzendaritzaren bileraren ostean, eta adierazi du datozen bi urteetarako «bide-orria» izango dela txosten politiko hori.
«Krisi ekonomiko latzari» aurre egiteko neurriak ere jaso dituzte txosten politiko horretan, eta, Zabaletaren iritziz, krisitik ateratzeko indarrean jartzen ari diren politikak baino «elkartasun handiagoa» erakusten dutenak eta «egingarriak eta eraginkorragoak» dira neurri horiek.
Kongresu horretan osatutako zuzendaritza talde berriari dagokionez, berriz, adierazi du «bi sentsibilitateek» osatzen dutela, baina ezin duela esan kide bakoitza zein aldetakoa den, «sekretupean» bozkatu zutelako. Izan ere, %71,75ek babestu zuten Aralar Espainiako hauteskunde orokorretara EA, Alternatiba eta ezker abertzalearekin batera aurkeztea; baina %23,77k kontra bozkatu zuten, eta %4 abstenitu egin ziren.
Hori hala, militanteekin «eztabaida luzeak» izan zituztela azaldu du Zabaletak, eta hainbat unetan, gainera, «beroak eta irmoak» izan zirela gaineratu du. Nolanahi ere, «gutxiengoak» iritzi diona ez dutela «ahaztuko» esan du, baina «gehiengoak» erabakitzen duela azaldu du. Haren esanetan, hori bai, «elkar errespetatuz» defenditu zituen bakoitzak bere ideiak, eta hori «zoriontzekoa» da.
Horrela, eta nahiz eta iritzi kontrajarriak izan, Zabaletak adierazi du aurreko zuzendaritzak onartutako proposamenak egin zuela aurrera baina «iritzi desberdin» horiek kontuan izango dituztela datozen bi urteetarako. Gainera, koalizioan joateko proposamenaren aldeko iritzien igoera azpimarratu du; izan ere, Artikan irailaren 3an egin zuten batzarretik V. Kongresura, militanteen %10 gehiagok egin dute koalizioaren alde.
Zabaletaren ustez, militanteek Aralarren proposamena «hobeto ulertzeko etabarneratzeko» balio izan du denbora tarte horrek, eta adierazi du testuari egindako «hobekuntzek» ere izan duela zerikusia horretan.
Demokrazian «sinesten»
Bestalde, kazetarien galderei erantzunez, Zabaletak azaldu du beraiek «demokrazian sinesten» dutela eta hori dela-eta uste dutela eragile guztiekin hitz egin behar dela. Sortu legezkoa izango balitz koalizioaren barruan sartuko litzatekeen galdetuta, berriz, esan du sartuko litzatekeela baina bere iritzia erabaki horretatik kanpo dagoela eta ez dela «iritzi protagonista».
Aralarrek azaldu du «ezker abertzale zibil eta zabal baten alde» egingo duela
Patxi Zabaletak hitzeman du ez dutela ahaztuko «gutxiengoak» zer pentsatzen duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu