Aralarren zuzendaritzak salatu egin du azken egunotan Batasuneko mahaikideen eta 18/98ko auzipetuen atxiloketen ardura berari egotzi izana. "Funtsik gabeko salaketak egin dira gure kontra, eta Batasuneko zenbait bozeramaileren erabilera gai honetan baztertu eta salatu nahi dugu. Egotzi zaizkigun salaketak oso larriak dira, baina horiek ez gaituzte gure lekutik mugiaraziko" adierazi dute gaur Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusi eta Jon Abril koordinatzaileordeak, Donostian.
Aralarrek dioenez, "askatasun zibil eta politikoak behin eta berriz urratzen dira Espainiako estatuaren aldetik". 18/98 auzia "urraketa horren maila gorenera" heldu dela uste du, "oinarrizko eskubide guztien zapalketa eragin duelako. Adierazpen askatasuna, biltzeko eta elkartzeko eskubideak, askatasun ideologikoa edota disidentziarako eskubidea delitutzat hartzea erabat onartezina dela aldarrikatu nahi dugu, eta gainera, Euskal Herriak behar duen konponbiderako ez dela lagungarri. Giza eskubideen urraketa guztien kontra agertzen garelako auzipetuen zigorrak bertan behera utzi eta aska ditzaten exijitzen dugu".
Natividad Junco, Unai Gonzalez presoaren amaginarreba auto istripuan hil izana ere gaitzetsi du Aralarrek. "Gertaera lazgarria da, guztiz, espetxe politikaren ondorio zuzena. Ez da ahantzi behar, dispertsioa presoentzat zigor bikoitza dela, baina euren senitartekoentzat ere guztiz ondorio kaltegarriak dituena, Natividad Juncoren heriotza bezalakoa. Doala hemendik gure elkartasuna eta atsekabea familia eta lagunarte guztiari".
Aralarrek dio presoen sakabanaketa Espainiako legeak berak dioenaren "kontrakoa" dela, "presoek etxetik hurbilen dagoen kartzelan egon behar dutela dioelako legeak". Alderdi haren ustez, "preso politikoek bakeari egin diezaioketen edonolako ekarpen oztopatzen du dispertsioak".
Euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen du Aralarrek, gaixotasunak dituztenen berehalako askatasuna, eta 'Parot' izendatutako dotrina bertan behera uztea -"mendeku judiziala" baita-.
Era berean, deitoratu egin du gabon gauean Balmasedan (Bizkaia) ETAk PSE-EEren egoitzaren kontra egindako atentatua. "ETAri borroka armatua behin betiko utz dezala eskatzen diogu, bestelako kontraprestaziorik eskatu gabe. Entzun dezala euskal gizartearen nahia eta eskaria, bakean bizitzeko duen eskubideari ez diezaiola entzungor egin".
Politika
Aralarrek Batasuneko mahaikideen eta 18/98ko auzipetuen atxiloketen ardura berari egotzi izana salatu du
"Funtsik gabeko salaketak egin dira gure kontra", esan dute Patxi Zabaletak eta Jon Abrilek, eta atxiloketa horien kontra daudela berretsi dute. ETAri "bestelako kontraprestaziorik eskatu gabe" borroka armatua behin betiko utz dezala eskatu dio berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu