Europako hauteskundeak

Aralarrek bere kabuz aurkeztea erabaki du

Europako hauteskundeetan zein bide hartu erabakitzeko batzarra egin du gaur Aralar alderdiak Araian (Araba). Batzar luzea izan da —goizeko hamarretan hasi eta eguerdiko ordubiak inguru arte iraun du—, eta, azkenean, Europako Legebiltzarrerako bozetara beren kabuz, beste inorekin koaliziorik eratu gabe, aurkeztea erabaki du Aralarrek. Estrasburgon ordezkaritzarik lortuz gero Euskal Herria Bai proposamenean bildu zituzten oinarriak defendituko dituztela aurreratu du Patxi Zabaleta koordinatzaileak.

2004ko apirilaren 24a
15:27
Entzun
Ekainaren 13ko Europako hauteskundeetara autodeterminazioaren aldeko indarrak batuta aurkezteko proposamena egin zuen Aralarrek, Euskal Herria Bai izenekoa, baina beste alderdiekin harremanak izan ondoren, ez du eman fruiturik Aralarren ekimenak. Hori dela eta, Europako Legebiltzarreko bozetara beren kabuz, beste alderdiekin hitzarmenik egin gabe, aurkeztea erabaki du alderdi horrek.

Zerrenda nortzuk osatuko duten oraindik ez dute erabaki. Militante guztiek izango dute beren burua aurkezteko aukera, eta luzapen handirik gabe, berriro batuko da Batzar Nazionala hautagai nor izango diren erabakitzeko.

Nolanahi ere, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak aurreratu du beren hautagaitzaren muina Euskal Herria Bai proposamenean bildutako ideiak izango direla. "Aralar aurkeztuko da Euskal Herria Bai leloaren azpian zeuden mezuak aurrera eramateko: hau da, autodeterminazioaren aldeko meza, errepublikaren aldekoa, eta Euskal Herria konfederazio gisa ikustearen aldekoa. Funtsean, gure egiten ditugu Euskal Herria Bai ekimenak zituen xedeak, besteak beste, euskara, Euskal Herriko hizkuntza, Europako hizkuntza gisa onartua izan dadin erdiestea", esan dio Euskadi Irratiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.