"Batzarrek ez du pauso bakar bat ere eman 2011ko hauteskundeetan Nafarroa Bain egoteko. Alderantziz egin ditu urratsak". Hala esan du Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak. "Datozen bozetan koalizioak gaurko osaketa izateko bermerik ez dago".
Aralarrek eta Batzarrek ez ezik, EAk eta EAJk ere osatzen dute NaBai, eta 2007ko foru hauteskundeetan hamabi parlamentari lortu zituen herrialdean; bigarren indarra izan zen, UPNren atzetik -22 parlamentari ditu honek-. Koalizioan kide bakarra du Batzarrek: Ioseba Ezeolaza.
Jimenezek jakinarazi du "etorkizuneko hauteskunde alternatiba eratzeko IUNrekin eta PSNtik irtendako lagunekin mugimenduak" egiten ari dela Batzarre, "eta horrek NaBairekin lehiatzea esan nahi du".
Atzo Batzarre NaBaitik aldendu zen Nafarroako Parlamentuan Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Lege Foralari buruzko bozketan, Ezeolaza parlamentariak aldeko botoa eman zuelako UPN, PSN, CDN, IUNekin. NaBaiko beste kideak abstenitu egin ziren. "NaBain ez da inoiz halakorik gertatu; hau da, UPNrekin eta PSNrekin NaBairen aurka ez du inork egin behin ere", adierazi du Jimenezek.
Aralarreko koordinatzaileak jakinarazi du EArekin eta EAJrekin berriro koalizioan egoteko akordioak lortzen ari direla eta gauzak "bide onetik" doazela.
nafarroa
Aralarrek dio Batzarre 2011ko hauteskundeetan NaBaitik kanpo egon daitekeela
Txentxo Jimenezek adierazi du IUNrekin eta PSNtik irtendako kideekin harremanetan dela Batzarre, "eta horrek Nafarroa Bairekin lehiatzea esan nahi du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu