Foro Sozialak ETAri "lehenbailehen" armagabetzeko eskatu zion joan den larunbatean Donostian, Aieten egindako ekitaldi publiko batean, baina Aralarrek uste du "emantzat" jo daitekeela ETAren armagabetzea, Rebeka Ubera idazkari nagusiak gaur Donostiako prentsaurreko batean esan duenez: "ETAk 2014an armagabetzeari ekin ziola adierazi zuen. Aralarrentzat armagabetzearen erakusle izan zen; hitzemate harekin emantzat ematen dugu armagabetzea". Uberak adierazi du ETAk "hitza bete" duela jarduera armatuaren bukaerari dagokionez. Beraz, "garai hauetan nork jar dezake zalantzan ETAren hitza, ez baldin bada bere burua justifikatzeko bakegintzan dagokion ekarpena ez egiteko? Nahikoa da esatea armak Leitzako leize zulo batera bota direla. Berme tekniko eta bestelakoak gehiago dira sobera dauden aitzakien argumentu, beste ezer baino. Sinboloen eta argazkien arteko dema".
Euskal presoen eskubideen "urraketan" jarri du arreta Aralarrek, eta "amaiera eman" behar zaiola esan. Konpondu beharreko arlotzat ditu presoak eta iheslariak etxeratzea, gaixorik dauden presoak, sakabanaketa eta "salbuespen" legedia, eta segitu beharra dago guztien memoria jasoko duen kontakizuna eraikitzeko eta biktima denak aitortzeko eta erreparatzeko lanean.
"Sinetsiak gaude aldebakartasuna dela berme bakarra", esan du Aralarreko arduradunak. "Bakearen eraikuntzan inplikaturiko eragile bakoitzak dagokion ekarpena egin beharko luke aldebakartasunaren bidetik".
Patxi Zabaleta Aralarreko ohorezko presidentea ere prentsaurrekoan izan da. Bakearen alde lanean segitzeko dei egin du, "bakea ez delako ETAk bere borroka armatua utzi izana bakarrik. Oraindik bide luzea geratzen zaigu gizarte demokratikoa eraikitzeko".
"Zoriondu eta eskertu" egin ditu bakearen alde gizartetik egindako ekarpenak –Foro Sozialetik, esaterako–, eta nabarmendu du Gernikako Akordioa (2010) funtsezkoa izan dela "bake eta euskal gizarte demokratikoaren oinarri eta ibilbide orria izan zelako"
Zabaletaren iritzian, "orain dela bost urte ETAk bakearen apustua irabazi zuen, gerra irabazi ez bazuen ere".