Aralarren iritzian, urte gazi-gozoa izan da 2011. «Gozoa, bakearen eraikuntzan funtsezko pauso bat eman delako, eta ezker abertzale zibilaren eraikuntzan aurrerapauso bat eman delako». Baina, gazia, «Espainiako eta Frantziako estatuek korapilatuta jarraitzen dutelako dinamika zaharkituetan, eta krisiak Euskal Herria gero eta bortitzago jotzen duelako». Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak eta Dani Maeztu koordinatzaileordeak plazaratu zuten Aralarren urte politikoaren balantzea atzo, Donostian, alderdiak duen egoitzan.
Aralarrek uste du ETAren ibilbidearen amaierak Euskal Herriaren historian etapa bat ixten eta beste bat irekitzen duela. «Kontziente» dira, ordea, bakea oraindik ez dela lortu: «Bide luzea eta gogorra geratzen zaigu guztion giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izango diren agertokia lortzeko». Bide horretan, eragile guztien inplikazioa lortzen saiatuko da Aralar: «Bakea guztiona izan dadin, guztiok elkarrekin eraiki behar dugu, gizartearen aniztasuna kontuan izanez». Lan egingo dute biktima guztiek onarpena eta erreparazioa izateko, eta euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratzeko. Ahalik eta elkarbizitza normalizatuena lortu nahi baitute Euskal Herrian.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeez eta azaroko Estatuko hauteskundeei buruz ere mintzatu zen Aralar. Maiatzeko hauteskundeek Aralarri ohartarazi zioten «ezker abertzale zibil eta zabala praktikara eramateko unea iritsi zela». Horregatik, Amaiur koalizioan aurkeztu zen azaroko hauteskundeetan, «militantziaren gehiengo handi batek horrela erabakita». Hauteskundeetan lortutako emaitzak historikotzat jo ditu Aralarrek.
2012rako erronkak
2011n eman diren aurrerapausoak eta akatsak ikusita, 2012rako hainbat erronka ditu Aralarrek. Batetik, «soilik bide politikoak erabiliz jarduten duen ezkerreko eta abertzalea den esparru politiko pluralaren eraikuntzan jarraitzea». Bestetik, Gernikako Akordioko puntu guztiak betearaztea: presoei eta biktimei garrantzia ematea, legez kanporatzeak bukatzea eta espetxe politika aldatzea. Krisiari dagokionez, aberastasun banaketa «justuago» bat izateko, gizarteko eragile guztiekin elkarlana bultzatuko du hurrengo urtean.
Aralarrek dio ETAren jarduna amaitu arren bakea ez dela lortu
«Funtsezko pauso bat eman da; baina, Espainia eta Frantzia dinamika zaharkituetan korapilatuta daude»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu