Aralarrek espetxe politikari buruzko «nazio akordioa» proposatu du

EAk ohartarazi du «irabazle eta galtzaile formulak» ez duela balio eta konponbidea «denen artean» lortuko dela

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Aralarren ustez, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politikaren inguruan akordioa egin behar litzateke Euskal Herrian. Euskal Herriko alderdi politikoek «nazio akordioa» egitea proposatu du Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak, gaiari behar bezala heltzeko. Biktimen gaia lantzeko adostasuna ere beharrezkotzat jo du.

Aralarren ustez, ETAk jardun armatua bertan behera utzi ondoren sortutako garai berria sendotu beharra dago, eta, horretarako, urratsak egin behar dira. Patxi Lopez lehendakariaren jarrera kritikatu du, horregatik. Izan ere, Ezenarroren ustez, lehendakaria ez dago egon behar duen tokian; ez da ari egoera berria kudeatzen.

Lopezen jarrerarekin «harrituta» azaldu da hedabideen aurrean. ETAren erabakiaren ondoren alderdi politikoekin eta gizarte zein ekonomia alorreko eragileekin bilera erronda egin zuela gogorarazi du, baina ez duela batzar horietatik ateratako ondorioen berri eman ere egin.

Bakegintzan eta normalizazioan aurrera egiteko adostasuna beharrezkoa dela ohartarazi du Ezenarrok, eta hori «ulertu» behar lukeela lehendakariak. Baina, legebiltzarkidearen ustez, garai politiko berriaren aurrean «ikusle gisa» dago Lopez, ekimenak gidatu beharrean.

Ezenarroren ustez, lehendakariak berak edo PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean espetxe politikaren inguruko akordioa lortzeari begirako proposamena egitea litzateke «logikoena». Hala egin dezala eskatuko dio Lopezi Legebiltzarrean, eta jakinarazi du lehendakariak ezezkoa emango balu Aralarrek berak «erabakiren bat» hartuko lukeela.

Proposatu duen «nazio akordioaren» nolakotasunari buruz, Irlandako iparraldean lortu zenaren antzekoa izan behar lukeela iruditzen zaio Ezenarrori. Beraz, presoak «modu progresiboan» kaleratzea ekarriko luketen baldintza «objektibo eta argiak» ezarri beharko liratekeela. Akordio horrek Irlandan bakegintzarako urratsak egonkortzen lagundu zuela gogorarazi du.

Askatu beharreko korapiloa

«Gatazkaren konponbidea burura eramateko» presoen gaia «landu eta konpondu» behar dela adierazi du Pello Urizar EAren idazkari nagusiak ere. Eta lehendakaria baldar ikusi du. Espetxe politika aldatzeko aldarrikapena «berandu» egin duela iruditzen zaio. «Badirudi Zapatero Madrilen egoteak arazoak sortzen zizkiola eta orain, Raxoi dagoenez, ez duela arazo hori». Edozein kasutan, eskaera egin izana bera ere ona dela adierazi du.

Bestalde, konponbidea «denen artean» lortu behar dela ohartarazi du EAko buruak, eta Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentearen jarrera salatu du horregatik. PSE-EEri eta EAJri «ETAren amaiera elkarrekin gidatzeko» egindako proposamena gaitzetsi du. Proposamen hori eginda PPk «abantaila politikoa» lortu nahi duela uste du. «Irabazle eta galtzaileen formulak» ez duela balio ohartarazi, eta konponbidea «denen artean» lortuko dela esan dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.