Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea jakinarazi duenez, ERCko (Herrialde Katalanak) eta Aralarreko zuzendaritzak akordioa lortu dute Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, eta beste alderdi batzuekin ados jartzeko "irekita" daude (EA, Chunta Aragonesista...). Hala ere, koalizioa ERCk eta Aralarrek gidatuko dutela adierazi du. ERCk EArekin ere izan du hartu-emanik 2009ko bozetara begira, eta EAk gaur azaldu du harekin duela 22 urte hasitako lankidetzan segitzeko konpromisoa duela.
"Ezkerreko politika eta balioetan oinarrituko gara, batetik, eta autodeterminazioaren eta independentziaren defentsa egingo dugu, bestetik", esan du Abrilek ERCrekin egindako akordioa laburbiltzean.
Aralarreko zuzendaritzak hitzarmena bihar berrestea nahi du, Hegoaldeko batzarrean. ERCk igandean izango du bere bilkura.
Ekainaren 7an izango dira Europako bozak. Bost urtean behin egiten dituzte hauteskunde horiek, eta 2004an Aralar bakarrik aurkeztu zen -ez zuen aulkirik erdietsi-. EA, berriz, ERCrekin aurkeztu zen -Chunta Aragonesista ere bazen koalizioan- eta europarlamentario bat lortu zuten -legealdian postua partekatu egin dute ERCk eta EAk; Mikel Irujo EAko Komunikazio arduraduna da orain aulkiaren jabea-.
Politika
Aralarrek eta ERCk akordioa lortu dute Europako hauteskundeetarako
Aralarrek biharko batzarrean berretsi nahi du zuzendaritzaren erabakia. Bi ildo ditu hitzarmenak: "Ezkerreko politika eta balioetan" oinarrituko dira, batetik, eta autodeterminazioaren eta independentziaren defentsa egingo dute, bestetik. Beste alderdiei irekita daudela diote, eta EAk ERCrekin lankidetzan segitzeko konpromisoa agertu du. Ekainaren 7an izango dira Legebiltzarrerako bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu