Aralarrek gaur berretsi du 2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan Nafarroan bere marka NaBai koalizioa izango dela, eta ezker abertzaleak hor sartu nahi badu koalizioko "oinarri politikoak, programatikoak eta organizatiboak sinatzeko" eskatu dio. Oinarri horietan Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarren koordinatzailearen arabera, besteak beste, "helburu politikoko indarkeriaren erabilera erabat deitoratzen da, edozein ekintza armatu gaitzetsi egiten da eta ETAri eskatzen zaio borroka armatua behin betiko eteteko, eta biktimak aitortzen dira".
Jimenezek esan du NaBai "egitura irekia" dela, baina Aralarrek orain arte egindako hitzarmenei helduko diela. "Aralarrek hainbat hitzarmen lotuta ditu Nafarroa Bai osatzen dugun hainbat alderdirekin eta hainbat independenterekin. Hortaz, konpromiso bat dugu".
Halaber, "ez" esan dio ezker abertzaleak igandean EAri eta Aralarri hurrengo urteko bozetan elkarrekin aurkezteko egindako eskaintzari (2011ko hauteskundeetan EAJ ere egongo da koalizioan). Ezker abertzaleak, "Nafarroan aldaketa politikoa eta soziala" lortzeko asmoz egin du proposamena, eta horretarako ezinbesteko jo "esparru ezkertiar eta abertzalea batzea". Xede hori erdiesteko, "betorik eta baldintzarik gabe" jokatu behar dela dio ezker abertzaleak. "Programa akordioa izanda lortuko litzateke Nafarroan aldaketa, ez sigla baten bidez".
Jimenezek gaur erantzun du "Aralarrek modu positiboan" hartu duela ezker abertzaleak helarazitako proposamena. "Nahiko genuke elkargune iraunkor batean topatzeko borondatearekin egin izana, eta espero dugu nahitaezkoa den errealismotik abiatzea eta onartzea Nafarroan NaBai dela aldaketa politikorako lidergoa duen eragile politikoa".
EAko zuzendaritza nazionalak astelehenean zioen bere apustua NaBai dela baina, haren arabera, "aldaketaren aldeko sentsibilitate guztiak batzea da gakoa". Atzo Pello Urizar idazkari nagusiak kalkulu batzuk egin zituen: "Koalizioa handituta, NaBaik 95.000 boto lortu ahal izango lituzke".
EAJk NaBai utziko luke koalizioak ezker abertzalea onartuko balu
Iñigo Urkullu EAJko EEBko lehendakariak esan du Nafarroa Baik bere baitan hartzen badu ezker abertzalea, EAJk koalizioa utzi egingo duela. Izan ere, haren ustez, "Batasunak jan" egingo lituzke NaBaiko beste alderdiak barruan balego. Koalizioak 2007tik egindako lana baloratzeko eskatu die Urkulluk EAri eta Aralarri.
NaBaiko independenteak Batasuna koalizioan sartzearen kontra
NaBaiko independenteek gaur arratsaldean bilera egin dute EArekin eta EAJrekin -Aralar ez da izan-, eta "Batasuna" koalizioan sartzearen aurka azaldu dira, Uxue Barkos Espainiako parlamentari eta Iruñeko zinegotziak esan duenez. Haien arabera, ezker abertzaleak ez ditu NaBaiko oinarri politikoak betetzen.
poliTIKA
Aralarrek ezker abertzaleari NaBaiko oinarriak onartzeko eta "errealismoa" izateko eskatu dio
Txentxo Jimenezek esan du bere alderdiaren marka Nafarroa Bai dela. Ezker abertzaleak EAri eta Aralarri 2011ko hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko eskaintza egin zien igandean, eta horri "ez" esan dio Aralarrek. Nafarroa Bairen oinarri batzuk: "Helburu politikoko indarkeriaren erabilera erabat deitoratzen da, edozein ekintza armatu gaitzetsi egiten da eta ETAri eskatzen zaio borroka armatua behin betiko eteteko, eta biktimak aitortzen dira". EAJk NaBai utziko luke koalizioak ezker abertzalea onartuko balu. NaBaiko independenteak Batasuna koalizioan sartzearen aurka azaldu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu