Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuaren inguruko erabakia "berehala" hartzeko eskatu du Aralarrek, eta aireportuko pista luzatzeko asmoa badago horren inguruko zehaztapenak emateko eskatu die eskumena izan eta esku hartzen duten erakundeei. Bestela, ixteko eskatuko du.
Izan ere, Hondarribiko aireportua Europako Batasunak ezarritako segurtasun baldintzetara egokitzeko, pista 300 metro luzatzea erabaki zuen AENA Espainiako Aireportu eta Aire Nabigazioak. Auziak eragindako eztabaida dela eta, egoera berraztertzen ari da AENA, eta oraingoz, geldituta dago proiektua.
"Hipotesi desberdinak medio, eragiten ari den kalte soziala neurri gabekoa da. Inguruko herritarrak noraezean aurkitzen dira, ez dakite zer izango den beraien bizitzaz, beraien etxebizitzarekin zer gertatuko den, abar eta abar”, adierazi du Rebeka Ubeda Aralarko Gipuzkoako batzarkideak
Egungo Hondarribiko aireportua mantentzearen, berregituratzearen eta modernizatzearen aldekoa dela argitu du Aralarrek, baina ezer zehazten ez bada aireportua ixteko eskatuko duela nabarmendu du Ubedak.
Iñigo Imazek alderdikideak, aireportuaren zabaltzearen inguruko eztabaida "zentzugabekoa" dela esan du: "Aireportuaren zabaltzearen inguruko eztabaida uneko egoera politikoen edo hauteskunde giroaren arabera mahai gaineratzen da, eta horrek alarma eta egonezina eragiten ditu Irun (Gipuzkoa), Hondarribia eta Hendaiako (Lapurdi) herritarren artean".
Ainhoa Beola Aralarko kideak, gaineratu du Donostiak dagoeneko badituela bi aireportu: "Ekialdekoa Miarritzekoa (Lapurdi) da eta mendebaldekoa Loiukoa (Bizkaia). Aireportua handitzearen eztabaidak ez dauka zentzurik dagoeneko bi aireportu baditugulako”.
hondarribiko aireportua
Aralarrek Hondarribiko aireportua ixteko eskatuko du, proiekturik ez bada zehazten
Aireportuaren luzatze proiektuaren inguruko erabakia "berehala" hartzeko eta luzatzeko asmoaren inguruko nondik norakoak emateko eskatu du Aralarrek. "Handitzearen eztabaidak ez dauka zentzurik, Miarritzekoa eta Loiukoa baditugulako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu