Nafarroako gobernuaren haustura

Aralarrek konfiantza mozioa aurkezteko eskatu dio Barcinari

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak uztailaren 6a baino lehen egiteko eskatu dio, eta mozioa gaindituko ez balu hauteskundeak deitzeko ere eskatu dio. 

2012ko ekainaren 22a
18:56
Entzun

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak uztailaren 6a baino lehen konfiantza mozioa aurkezteko eskatu dio Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari, eta mozioa gaindituko ez balu hauteskundeak deitzeko ere eskatu dio. "Orduan azalduko du bere burua alderdi sozialistak", gaineratu du Zabaletak. 

Aralarreko buruak Asun Fernandez de Garaialde alderdiaren Nafarroako koordinatzailearekin eta Txentxo Jimenez parlamentariarekin batera egin du gaur agerraldia, Iruñean. Luze jota Barcinak konfiantza mozioa irailean aurkeztu beharko lukeela adierazi du bertan Zabaletak. 

Aralarren esanetan, zentsura mozioa ez da bideragarria "ez dagoelako alternatiba posiblerik". "Ezinezkoa da gobernu alternatiboa sozialistek zuzentzea, gizartean ez dutelako inolako osperik". Jimenezek azpimarratu du ez litzatekeela sinesgarria izango PSN eskuineko gobernu batetik gobernu alternatibo batera igarotzea. 

PSNk oposizioa ondorio guztiekin igarotzea nahi duela adierazi du Aralarrek, "UPN edo ezkerreko alderdien oposizioa aukeratu beharko du, ez dago erdibiderik". 

"UPNk sanferminak eta udara iristea nahi du, gutxiengo gobernua nolabait normaliza dadin", esan du Zabaletak. Eta gaineratu du hori "arduragabekeria" izango litzakeela alderdiaren ikuspuntutik. 

Bukatzeko, nabarmendu du gobernua ez dagoela krisian, baizik eta azken urteetako sistema "agortu" egin dela. "Eta kontseilariak aldatzeak ez du balio". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.