Aralarrek legebiltzarkide bat lortu du eta lankidetzarako prest dago

Helburua bete dutela azpimarratu du Ezenarrok, alderdiak Gasteizen izango duen ordezkariak

Ainhoa Sarasola.
2005eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Lortu dugu! Zailtasun eta boikot guztien gainetik, lortu dugu!», oihukatu zuen Aintzane Ezenarrok, Aralarren Gipuzkoako zerrendaburuak. Aralarrek ordezkari bat izango baitu Eusko Legebiltzarrean: Aintzane Ezenarro bera.

Ezenarroren hitzen ostean, aupa-k eta txaloak entzun ziren Aralarrek hauteskunde gaua jarraitzeko aukeratu zuen tokian, Donostiako Londres hoteleko aretoan. Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak botoen erdien kontaketaren emaitzak jakinarazi ostean gertatu zen bezala. Ordutik aurrera, emaitza guztiek ziurtatu zuten Aralarren ordezkaritza. Balzaren agerraldiaren aurretik, ordea, urduritasuna nabari zen jendearen aurpegian eta elkarrizketetan. Aralarreko arduradunen artean, batez ere. Bertan ziren, besteak beste, Joseba Azkarraga Bizkaiko zerrendaburua, Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile nagusia, Mikel Basabe alderdiko koordinatzaileorde eta hautagaia, Ritxar Irazusta Abertzaleen Batasuneko bozeramailea, Ainhoa Beola hautagaia, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hautagai eta idazlea, Julen Madariaga hautagaia eta Inaki Irazabalbeitia Aralarreko kidea.«Bete dugu helburua», berretsi zuen Ezenarrok bildutako ehunbat lagunen aurrean. Aralar Eusko Legebiltzarrean izango baita, lehen aldiz. Hala gogoratu eta azpimarratu zuen Ezenarrok. Funtsezkotzat jo zuen. «Horrek aukera emango digu, orain artean izan ez dugun bezala, gure mezua gizartera zuzenean helarazteko».Aralarren Eusko Legebiltzarreko lanak hiru ardatz nagusi izango ditu: «Herri honetan benetan bakea lortzea, benetan erabakitzeko eskubidea gureganatzea eta benetan egunerokoan ezkerreko politikak egiten hastea».Eta hiru lan ildo horietan oinarritutako lankidetza eskaini zuen Ezenarrok atzo gauean bertan. Ez zuen zehaztu, ordea, lankidetza hori noraino irits daitekeen. «Hainbeste zehazteko goiz da. Gu hitz egiteko prest gaude». Aralarrek, Ezenarroren esanetan, «ezker abertzale zibil, zabal eta berritzailearen erreferentzia» izan nahi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat. Ezenarrok eskerrak eman zizkien kanpainan lan egin duten guztiei eta botoa eman dieten guztiei, «proiektu berritzaile eta itxaropentsu honetan sinetsi duten horiei». Bukatzeko, ausartenak Kontxako hondartzako uretan bainatzera gonbidatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.