Aralarrek ohartarazi du Ezenarrok-eta ez dutela alderdiak eskatutakoa bete gaur ere

2012ko maiatzaren 9a
19:10
Entzun

Aralarrek ohartarazi du Aintzane Ezenarrok, Oxel Erostarbek eta Mikel Basabek ez dutela alderdiak eskatutakoa bete gaur ere. "Aralarren izenean eta zerrendetan lortutako karguak alderdiaren esku uzteko eskatu genien batetik, eta Ezenarrok orain arte Aralarren izenean izan duen bozeramailetza alderdiaren esku uzteko ere bai. Eskaera bi horiek ziren bete behar zituztenak, eta ez dute bat bera ere bete", esan dute gaur arratsaldean prentsaurreko batean Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaileak, Dani Maeztu koordinatzaileordeak eta Rebeka Ubera antolaketa idazkariak.

Ezenarro, Basabe eta Erostarbek gaur goizean jakinarazi dute Eusko Legebiltzarra utzi egingo dutela ekainaren bukaeran.

Aralarrek argitu nahi izan du haiek ez dituztela alderditik bidali bazkerketarik gabeko elkarrizketa defendatzeagatik. "Alderdiaren zuzendaritzak eskaera zehatz bat egin ziene: legebiltzarreko lantaldea sortzeko proposamenean 'bazterketarik gabe' terminoari eusteko eskatu zitzaien. Hori ez egitean, bistakoa da alderditik kanpo kokatu zutela beren burua. Gainera, beraiek erortzen dira kontraesanean, bazterketarik gabeko elkarrizketa defendatzen dutela adierazten dutenean eta, aldi berean, ezker abertzale ofiziala lantalde horretatik baztertzen denean".

Ezenarrori-eta baja emateko prozesua alderdiaren estatutuetan jasotakoaren arabera egin dutela esan du Aralarrek.

"Hemen gauden hirurontzat ez da batere samurra egoera honetara iritsi beharra. Mikel, Aintzane eta Oxelekin gure bizitzetako zati erangsuratsua partekatu dugu. Legebiltzarrean, Aralarren izenean, egin duten lana aitortu behar diegu. Alderdi honetan esperientzia gogorrak partekatu ditugu beraiekin, zenbaitetan oso gogorrak ere bai, baina beste askotan esperientzia horiek politak eta oso aberasgarriak ere izan dira eta, azken batean, Aralar ezkerreko alderdi abertzalea egonkortzea lortu dugu. Ulertuko duzuen bezala, gure eskuetan zegoen guztia egin dugu egoera honetara ez heltzeko", adierazi dute Zabaletak-eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.