Nagia ematen dio Nafarroako egoera korapilatsuari buruz aritzeak. «Uff, hiru urtez mintzatu gaitezke horri buruz».
Zer gertatzen ari da Nafarroan?
Uste dugu Nafarroan sekula egon ez diren baldintzak daudela egun. Eskuma zatitua dago, eta Alderdi Sozialistak sinesgarritasun osoa galdu du, norabiderik gabe dabil, erabat galduta. Bestalde, ezkerrak izugarrizko ahalmena izan dezake. Mobilizaziorako ahalmen handia dago, baina, aldi berean, agintariak eskuma-eskumako politika egiten dute arlo guztietan. Ideia euskaltzale edo abertzaleekiko erabateko fobia erakusten dute eta oso jazarpen gogorra ezartzen dute. Ez da sinestekoa zer-nolako fobia dioten gure kulturarekin zerikusia duen edozeri. Olentzerorekin gertatzen dena oso adierazgarria da. Olentzero bahitu ere egin zuten! Guardia Zibilak eraman zuen! Hori ez da normala. Psikiatrarengana joateko modukoa da! Baina, aldi berean, izugarria da horri aurre egiteko dagoen mugimendu ahalmena.
Eta, zergatik ez du emaitzarik eman mugimendu horrek?
Uste dut Nafarroako gizartea oso bizia dela baina berriz ere konfiantza ekarriko dion subjektu politiko baten zain dagoela. Nafarroako Gobernuaren alternatiba bat badagoela sinestea behar duela uste dut. Horixe da ezker abertzaleak sortu nahi duen subjektu politikoa.
Nafarroa Bairen adibidea, esaterako?
NaBairi gertatzen zaio mugitzen uzten ez dion EAJ duela barruan. Gai ekonomiko eta sozialetan duen jarrera, adibidez, harrigarria da. Krisi erdian egonik, Espainiako Estatuan banketxeei izugarrizko dirutzak emateko erabakia babestu zuen NaBaik. Sinestezina da bere burua ezkerreko gisa izendatzen duenak onartzea langileei kentzen ari zaizkien milioiak eta milioiak banketxeei ematea. Halako jarrerak ezin ditugu ulertu.
Horregatik jo zenuten EA eta Aralarrengana?
Egoera hori ikusita, deia egin genien Aralarri eta EAri hauteskunde subjektu bat osatzera. Guretzat garrantzitsuena programa zehatzen gaineko akordioak egitea zen; Nafarroan aldaketa politiko eta soziala egin ahal izateko gutxiengo akordio programatikoak egitea. Hori dela-eta, izenen eztabaidan ez ginela sartuko esan genien. Haiek aukeratzeko zein izenekin joan, oinarrizko akordioa izatekotan edozein onartuko genuela gustuko izan ez arren.
Zein bide egin dute harreman horiek?
Oinarrizko akordioak lantzeari ekin genion. EArekin nahiko bide ona egin genuen, dekalogo bat egin genuen Nafarroako Legebiltzarrean landu beharreko gaien inguruan, eta oraindik lanean jarraitzen dugu. Aralarrekin ere hasi ginen lanean.
Modu berezituan?
Bai. Eta zergatik horrela? Aralarrek ez zuelako nahi hiruren arteko bilerak egiterik. Aldebikoak nahi zituela esan zuen, guk onartu genuen, eta hala egin genituen. Programen gaia lantzen hasi ginen, eta esan ziguten aurretik beste gauza batzuk aztertu, argitu eta gainditu behar genituela. Haiek bere irakurketa egin zuten, guk jaso genuen, eta guk gurea aurkeztu genien. Euskal Herriaren osaketa, Nafarroaren erabakigunea, indarkeria guztien aurrean genuen jarrera, eta halakoak azaltzeko txostena eman genien. Abenduaren 30ean aurkeztu genuen txosten hori. Urtarrilaren 4an egin zuten eurek zuzendaritzako bilera, eta gau horretan bertan esan ziguten amaitu zela dena. 5ean prentsaurrekoa egin zuten esateko gainditu ezinezko desadostasunak genituela eta ezin genuela elkarlanean aritu. Baina, zeintzuk dira gainditu ezin diren desadostasun horiek? Guk, behintzat, ez dakigu. Beraz, zain gaude, harrituta. Zer azalduko diguten eta desadostasun horiek non ote dauden zain.
«Aralarrek zer azalduko zain gaude Nafarroan, harrituta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu