Aurretik Aralarreko zuzendaritzak eta ondoren batzarrak egin zuen moduan, militanteek ere onartu egin dute gaur azaroaren 20an Bildu koalizioa osatzen duten kideekin batera aurkeztea. V. Kongresua egin du Aralarrek gaur Derion (Bizkaia), eta botoen %71ren babesa jaso du zuzendaritzaren ponentziak.
Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, ponentzia onartu aurretik zenbait emendakin onartu dituzte, eta horiekin "hobetu " egin dutela esan du. Hain justu, Zabaleta karguan mantentzea erabaki dute, afiliatuen botoen %84,5arekin. Estatutuetan aldaketa batzuk egitea ere onetsi dute militanteek, eta ondorioz, Zabaletak hautatuko ditu koordinatzaileordea eta antolakuntza idazkaria.
Goizeko 11:00etan hasi da gaur Derion, Aralarren V. Kongresua, eta aurretik iragarri dutenez Jon Abrilek zuzendaritza utzi du. 2006. urtetik Aralarren koordinatzaileordea da, 2003. urtetik Berako zinegotzi izateaz gain. Atzo agertu zuen bere asmoa Twitter sare sozialean: " Bihar [gaur], Aralar alderdiaren kongresuan koordinatzaileorde funtzioak utziko ditut. Garai berria hasiko dut, politikako lehen lerrotik kanpo".