Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak esan du alderdiak ez diela presarik sartuko Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe eusko legebiltzarkideei kargua uzteko. "Horrek bere denbora behar du. Ez da presa kontua; printzipioen kontua da”, adierazi du Zabaletak ETBn. Aralarreko zuzendaritzak, dena dela, bilera batera deitu ditu hirurak. Aho batez hartu du erabaki hori zuzendaritzak, gaur arratsaldean.
Elkarrizketaren bidez egoera bideratzeko tartea badagoela uste du Zabaletak, “baina, horretarako, jarduera orotan beharrezkoak diren jarduerak eta irizpideak berraztertu behar dira”.
Hiru legebiltzarkideek Aralarreko zuzendaritzak onartutakoa ez zuten bete ostiralean Eusko Legebiltzarrean, elkarbizitza eta bakegintzari buruzko lantaldea eratzeko akordioari dagokionez. Zuzendaritzak Ezenarrori-eta leporatzen die parlamentiko akordioko testuan ez dela ‘bazterketarik gabeko elkarrizketa’ aipatzen.
“PPk eta PSEk aldatu zuten jatorrizko testua eta ‘salbuespenik gabe’ terminoa ez da jasotzen. Horren ondorioz, proposamena desitxuratua geratu zen eta baliogabea da”, esan du Zabaletak.
“Alderdi barruan ere hitz egin behar dugu, baina gure jarrera oso argia da, elkarrizketa baztertzailea daukan ponentzia horrek ezertarako balio ez izateaz gainera, alderdi batzuei bakarrik mesede egiten dielako”.
Ezenarro, Basabe eta Erostarberen prentsaurrekoa bihar
Ezenarro, Basabe eta Erostarbek bihar prentsaurrekoa emango dute, 11:00etan, Eusko Legebiltzarrean, bakegintza eta elkarbizitza elkarrekin eraikitzeko egitasmoei buruzko lantaldean hemendik aurrera hartuko duten jarrera zein den azaltzeko.