Dani Maeztu Aralarreko eusko legebiltzarkidearen iritziz, PSE-EEk Espainiako Gobernuaren finantza erreforma egitasmoa babestu egiten du, "PPrekin batera uko egin diolako legebiltzarrean finantza erakundeei irizpide etikoak eskatzeari". Maeztuk uste du "herritarren poltsikoetatik ateratzen diren eta Jaurlaritzak kudeatzen dituen 10.000 milioi euroak irizpide etikoekin kudeatu" behar direla.
Lurraldearen atxikimendua, enpresek, elkarteek eta partikularrek ekonomia errealari egiten dioten ekarpena babesteko; gizarte ekintza sortzeko, mantentzeko eta indartzeko konpromisoa; irizpide sozialak etxebizitza stock-a kudeatzeko orduan; eta gardentasuna, erakundearen operazioen eta kudeaketaren inguruan informazioa argitara emateko. Horiek dira Aralarrek gaur legebiltzarrean planteatu dituen oinarriak, baina PSEk eta PPk atzera bota dute.
"Espainiako Gobernuaren finantza erreformak ere ez duela balio izango arazoa konpontzeko. Finantza erakundeen sektorea banketxe handien mesedetara jarriko da eta euren egoera onbideratzeko orduan ez dute erantzukizuna euren gain hartuko”, esan du Maeztuk.
Espainiako Kongresuak gaur babestu egin du finantza erreforma egitasmoa.