Aralarreko hainbat militantek ez dute begi onez ikusten Nafarroan Aralarrek EArekin, ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin bakarrik hitzarmena egin beharko luketela, eta defenditzen dute Nafarroan Aralarren erreminta politiko onena Nafarroa Bai dela. Diario de Noticias egunkariak atzo argitaratutako informazioaren arabera, alderdiak aurkeztutako ponentzia politikoari bi militante taldek zuzenketa bana aurkeztu diote. Testu desberdinak izan arren, antzeko arrazoiak erabiltzen dituzte biek, eta eskatzen dute ponentzian Aralarrek NaBai eta Bilduren artean akordioa egiteko proposamena aldatzea.
Zuzenketako bat Aitor Lakasta eta Xabier Abartzuza Nafarroako Aralarren zuzendaritzako kideek sinatzen dute. Nahiz eta EAEko emaitzak txarrak izan direla onartu, Nafarroan emaitzak ez direla hain txarrak izan uste dute. Diario de Noticias-en informazioaren arabera, ponentzia horretan defenditzen dute NaBaik abertzaletasunaren eremua gainditzea lortu duela eta horregaik uste dute «eraikuntza nazionalean aurrera egiteko» Nafarroan Aralarren erreminta politiko egokiena NaBai dela. Era berean, Hego Euskal Herriko zuzendaritza bat sortzearen aurka azaldu dira.
Kongresuko hauteskundeei begira, orain arte Aralarreko zuzendaritzak defenditu du NaBai eta Bilduren arteko akordioa. Lakasta eta Abartzuzak, berriz, Bilduk, Ezkerrak eta NaBaik osatutako plataforma baten alde egiten dute apustu. Dena den, Nafarroa Bairen barruan, independenteek eta EAJk argi utzi zuten ez zutela Bildurekin akordiorik egingo. Orain ikusteko dago zuzendaritzak zer proposatzen duen.
Beste zuzenketa,berriz, Mikel Arbeloak, Itziar Gomezek, Isabel Aranburuk, Angel Larraiak eta Joseba Urrozek sinatzen dute. Nahiz eta ezker abertzalearekin elkarlana egitearen alde azaldu, uste dute arlo estrategikoan «ezberdintasun garrantzitsuak» dituztela. Zuzenketan azpimarratzen dute NaBaik Nafarroan ezker abertzaleak egin izan duen «akats historikoa» gainditzeko erreminta eraginkorrena dela. Euren ustez, NaBaik eskaintza abertzalearen mugak gainditu ditu. Horregatik, estrategia desberdinak dituzten heinean, hauteskundeetan NaBaik bere hautagaitza izatea defenditu dute.
Irailaren 3an Berriobeitin egingo den batzarrean aztertuko dira ponentzia eta zuzenketak.
Aralarren Nafarroako hainbat militantek NaBairen alde egin dute
Alderdiaren txostenari bi zuzenketa aurkeztu, eta bozetan Bildurekin soilik ituna egitearen aurka azaldu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu