Aralarren ustez, «ETAren amaierari buruzko» mezua aldatzen ari da PSOE

Bozetara aurkezteko baldintza ETArekin hausten dela esatea baino gehiago da, Jauregiren hitzetan

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Zapaterotik hasi eta PSE-EEraino» alderdi sozialista mezua aldatzen ari dela nabaritu du Patxi Zabaletak. Hala azpimarratu duETBri emandako elkarrizketan.Aralarreko koordinatzaile nagusiaren aburuz, «eskuinak ere» jarreraz aldatuko du goiz edo berandu; baina, era berean, oroitarazi du politikan alderdi bakoitzak ez duela beti ikuspuntuz eta jarreraz abiadura berean aldatzen. «Dena den, sinetsita gaude ideien indarraz etorriko dela aldaketa». Zabaletaren irudiko, Ramon Jauregi Espainiako Presidentetzako ministro izendatu izana «aurrerapauso» bat da: «Jauregik ondo baino hobeto ezagutzen du Euskal Herriko egoera politikoa, eta horrek bermeak ematen ditu».

Zabaletaren ustez, aurrerapausoak batez ere Batasunak eman ditu. «Orain estatuak hausnartu egin beharko du disidentzia politikoa kriminalizatzen duten lege eta jurisdikzioekin jarraitzea posible ote den, horixe bera gertatzen ari baita orain, Segiko kide batzuk atxilotu dituztenean ETAko kideak direla leporatuta».

Luze gabe ETAk beste pauso bat ematea espero ote duen galdetuta, Zabaletak erantzun du bakerako beti dela berandu, eta horrelako itxaropenak egon diren bakoitzean maiz «erlojuaren sindromea» izan dela oroitarazi du. Haren ustez, hurrengo hilabeteetan albisteak etorriko dira, baina garrantzitsuena batez ere hori gertatzea dela dio. Era berean, nabarmendu du ETAk egiten duena egiten duela, legez kanporatutako ezker abertzaleak bozetara aurkezteko aukera izan behar lukeela, «normaltasunaren sintoma» litzatekeelako.

«Denbora amaitzen ari zaie»

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak Catalunya Radiori emandako elkarrizketan azaldu duenez, ETAk behin betiko pausorik ematen ez badu, loturak hausteko erabakia hartzea da Batasunari falta zaiona. «Dena den, gerta liteke legez kanporatutako Batasunak edo politika egin nahi duen mundu horrek jada foru eta udal hauteskundeetan egoteko apustua eginda edukitzea, eta horrek alderdi berri baten estatutuekin aurkeztera eraman ditzake, hori baita datozen hauteskundeetan aurkezteko ezinbesteko baldintza».

Urkulluren aburuz, ezker abertzaleko ordezkariak jabetzen dira «denbora amaitzen» ari zaiela. «Duela gutxi egungo egoera erloju batekin alderatu nuen, eta bide bat egiten hasteko abiapuntua hamabiak badira, ezker abertzaleari bost minutu falta zaizkio hamabietarako».

Ezker abertzalearen barnean izaten ari diren mugimenduok guztiok EAJ «ikusminez» eta eszeptizismoz jarraitzen ari dela azaldu du Urkulluk. Orain arte egin diren urratsak ez direla nahikoak eta duela 40 urte lehenago eman beharko liratekeela kritikatu du. Haren ustez, ezker abertzalearentzat «oso zaila da bide soilik politikoetaranzko pausoa, trukean iragan 40 urte hauetan ezer lortu gabe ematea», adierazi dio Kataluniako irrati kateari.

Era berean, Arnaldo Otegiri buruz galdetu diote. Urtebete iragan da Rafa Diez zein ezker abertzaleko beste hainbat kiderekin batera atxilotu zutela, eta Urkulluk azpimarratu du orduan ere operazio hura salatu egin zuela EAJk: «Iazko urriaren 13an Batasunaren mahaia deritzonaren atxiloketa ez zela logikoa ulertu nuen, erakunde politiko berri baten estatutuak zehazten baitzebiltzan, eta orain ematen du txalotu egiten dela bultzatzen ari ziren ekimen hori». Espetxean bada ere, Otegi oraindik ere ezker abertzalearen erreferente dela azpimarratu du.

Ramon Jauregik, berriz, Tele5ri eskainitako elkarrizketan esan du indarkeria amaitzeko aukera uneotan «arrazoizko» hipotesi bat dela. Horri lotuta, Jauregik azaldu du ETAren amaierari buruzko «ikuspuntu erratua» duela jendeak. «Amaitu da esan eta kito, hori ez da izango». Haren ustez, amaiera «arraroagoa» izango da. «Ez da hartuko erabaki irmorik. Ziurrenik ez dugu ezagutu ere egingo. Nire ustez, gauzak norabide horretan doaz, eta kontraesanez betetako amaiera izango da». Horregatik, Jauregiren aburuz, ETAren amaierak ez du izango isla zuzenik Espainiako hauteskundeetan. «Dena den, gobernuarentzat ETA amaitzeak garrantzi handiagoa du errentagarritasun alderdikoiak baino».

Argi utzi nahi izan du bozetara aurkezteko ezker abertzaleak ETArekin hausten duela esatea baino gehiago egin beharko duela: «Hori hala dela erakutsi beharko du. Benetan gertaera erabakigarri bat eman dela ondorioztatzera eramango gaituzten datuak eduki beharko ditugu».

«Nahikoa denbora dago»

Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen arabera, ezker abertzalea hauteskundeetan egon egongo da. Horretarako «nahikoa denbora» badagoela deritzo. Harenustez, ez luke arazorik izan behar aurkezteko, hilabeteak daramatzalako esanez bide soilik politikoen alde egiten duela, eta, era berean, ETA «oso pauso garrantzitsuak» ematen ari dela deritzo. «Hemen arazo bakarra dago, PSOEk eta PPk hauteskundeak eta legez kanporatzeak interes soilik alderdikoietarako baliatzen dituztela».

Erkiziak berretsi du ezker abertzaleak bide politikoetatik jotzeko apustu sendoa egin duela. Haren ustez, indarkeriak ezker abertzaleari ez ezik, «beste batzuei ere» kalte egiten die. Esan diezadatela EAJk edo PSOEk gatazka egoera honek eta estatuaren aldetik eman diren indarkeriazko adierazpenek edo ETAren aldetik egon diren beste batzuek kezka eta kalterik eragiten ez ote duten. Guztioi egiten digu kalte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.