Aralarri "harrigarria" iruditu zaio Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin egin beharreko bileraren aurretik jakinarazitako proposamenaren edukia, "printzipioetatik haratago doan akordio proposamena delako. "Irailean Ibarretxek bota zuten asmoa zen erakunde biek konpromiso bat sinatuko zutela, euskal alderdien arteko esklusiorik gabeko negoziazio politiko prozesua bultzatzekoa, alegia; eta negoziazio horretan adostutakoa errespetatzekoa. Konpromiso hori herritarrek berretsi beharko lukete, alderdi politikoek edukien inguruko eztabaida hasi ondoren. Baina, Loiolako dokumentuak erantsita, egunotan ezagutu dugun akordio proposamenak auzi politikoak jasotzen ditu; jada ez da bakar-bakarrik konpromiso metodologikoa, eta hori, gure ustez, akatsa da".
Aralarrek dio auzi politikoak alderdi politikoen artean "eztabaidatuak eta adostuak" izan behar direla, "erabakigune bakoitzean ari diren alderdien artean, eta horiek gero gizarteak berretsi behar ditu". Gainera, ez dago ados EAEko eta Espainiako gobernuaren artean adostu beharrekoa denik EAEren eta Nafarroaren arteko batzorde iraunkorra, "nafarren inolako parte hartzerik gabe".
Hala, alderdi horren iritziz, erakundeen arteko akordioak bake prozesu berri bat bultzatzeko eta erabakitzeko eskubidea lortzeko izan behar du.
Ibarretxeri honek urrian egin nahi duen kontsultako galderak zein izan behar duen "zehazten" hasteko eskatu dio, bide batez. "Galderaren definizio hori guztion artean egin behar dugu. Gure ustean, metodologiari buruzko galdera izan behar da, negoziazio politikoa abian jartzeko balio izango duena".
Erabakitzeko eskubide praktikoaren alde gizartea "mobilizatu" egin behar dela dio Aralarrek, "eta horretarako, beharrezkoa da kontsultaren alde dauden sektore sozialak eta politikoak batuko dituen mugimendu sozio-politikoa artikulatzea".
Politika
Aralarri "akatsa" iruditzen zaio Ibarretxek Zapaterorekin auzi politikoei buruzko akordioa lortu nahi izatea
Jaurlaritzako lehendakariaren asmoa, "Loiolako dokumentuak erantsita, printzipioetatik haratago doan akordio proposamena da", Aralarren ustez, "eta ez metodologikoa". Kontu politikoak alderdi politikoen artean "eztabaidatuak eta adostuak" izan behar direla deritzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu