Udalbitzak jakinarazi duenez, ostiralean ezarri zituzten seinaleak Aramaion (Araba), eta, beraz, "nazio nortasun korporatiboaren eskuliburua aplikatzen duen lehen herria" bihurtu da. Ekitaldi txiki bat egin zuten seinaleak inauguratzeko.
Udalbiltzak "pauso praktikoak" eman nahi ditu "Euskal Herriaren eta herritartasunaren aitorpena" lortzeko, eta, xede horrekin, Euskal Herria markaren irudi korporatiboa landu du. Eskuliburuan lehentasuna eman die udalerrietako sarrera eta irteeratako bide seinaleei eta udaletxeetan erabili ohi diren paper eta inprimakiei.
Irudian, kolore gorria, berdea eta zuria erabiliz, sei herrialdeetako armarriak eta Euskal Herria hitza jarri ditu, eta kasu batzuetan Basque Country eta eus laburdura ere bai.
Iaz berrantolatu zen udalen eta udal hautetsien biltzarra, eta haren bost ildoetako bat da euskal herritartasuna. Joan den urtean jarri zuen abian aurrenekoa: garapen eta kohesio sozioekonomikoari buruzkoa —Pirinioetan proiektu bat garatzen ari da—.