azpiegiturak

Aramaioko alkatea absolbitu egin dute AHTaren galdeketaren auzian

Gasteizko Zigor arloko 2. zenbakiko Auzitegiak prebarikazio delitua egotzita zazpi urteko inhabilitazio zigorra ipini zion iaz Asier Agirreri; honek helegitea jarri zuen eta arrazoia eman dio Arabako Auzitegiak. Honen epaiaren arabera, herritarren ekimenez egin zen galdeketa eta alkateak ez zuen baliabiderik jarri.

2011ko otsailaren 14a
16:25
Entzun
Arabako Auzitegiak atzera bota du iazko irailean Gasteizko Zigor arloko 2. zenbakiko Auzitegiak Asier Agirre Aramaioko alkateari (ezker abertzalea) Udalak abiadura handiko trenari (AHT) buruzko galdeketa antolatuta prebarikazio delitua egin izana egotzita jarritako zazpi urteko inhabilitazio zigorra. Agirrek helegitea jarri zuen, eta Arabako Auzitegiak arrazoia eman dio, gaur jakin denez.

Iazko otsailaren 10ean egin zuten Agirreren aurkako epaiketa, Gasteizen. 2007ko irailaren 28an, 29an eta 30ean izan zen Aramaion galdeketa, eta Agirrek epaiketan esan zuen herritarren ekimena izan zela eta Udalak egin zuen bakarra "babes politikoa" ematea izan zela. Hain zuzen, urte hartako irailaren 5ean herri inkestari babes hori emateko mozioa onartu zuen Udalak. Aramaioko herritarren %54k euren iritzia plazaratu eta %97k AHTaren aurkako botoa eman zuten.

Arabako Auzitegiak epaian dio herritarren ekimenez egin zela galdeketa eta alkateak ez zuela hori egin zedin baliabiderik jarri.

Agirrek epaiketaren egunetan BERRIAri esan zion herriari galdetzea ezin dela delitutzat jo. "Batzuek euren bulegoetan egin dituzten proiektu batzuen gainean ezin dugu ezer esan, ez ezer pentsatu. Izan daiteke AHTa, Pasaiako portua, autobideak, parke eolikoak... AHTarekin gertatzen dena da herri asko garela kaltetuak, eta herri askotan pentsaera bera daukagula. Herritar guztiei galdetzeko eskubidea egongo balitz, herri horiek esango lukete AHTrik ez dutela nahi, eta proiektu horrek bertan behera geratu beharko luke. Horregatik, lehenengoa ni izan naiz, baina nire kasua adibide moduan erabili nahi dute, besteek jakin dezaten zer egiteko prest dauden antzeko kasuetan".

Epaiketaren garaian Euskal Herriko 32 udalek babesa helarazi zioten Agirreri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.