Aranak kargua utz dezala eskatu dute Ezker Batuko 300 militantek

Koordinatzaile nagusiak dio ez duela kargua uzteko asmorik ezohiko batzarrerako hiru hilabete falta direla

Erredakzioa
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Gero eta etorkizun ilunagoa du Ezker Batua alderdiak. Hautesleek konfiantza kendu diote azken bozetan, bai Eusko Legebiltzarrerako baita udal eta foruetarakoetan ere, eta Arabako Biltzar Nagusietan emandako ikuskizun negargarriaren ostean, alderdiko barne korronteek eta militanteek alderdia bera hausteko erabakia hartua dutela dirudi.

Ezker Batuko hirurehun militante baino gehiagok idatzi bat plazaratu dute, Mikel Arana koordinatzaile nagusiak dimisioa eman dezala eskatuz. Atzo aurkeztu zuten, prentsaurreko batean, sinatzaileetako batzuek egindako agerraldian. Alderdia «hausturara» eraman izana leporatu diote Aranari. Hamazazpi arrazoi eman dituzte. Horien artean, EBko hainbat kide «publikoki salatu, epaitu eta kondenatu» izana Araban gertatutakoagatik. Hainbat erabaki judizial ez errespetatu izana ere egotzi diote Aranari, EBren barne kohesiorik lortu ez izana, adostasunik bilatu nahi ez izana eta EBren «gutxiengo» bat ordezkatzea.

«Sorgin ehiza»

EBko koordinatzaile nagusiak berehala erantzun die ez duela dimisiorik emango ezohiko batzarra egiteko hiru hilabete falta direnean, han militanteen esku utziko duelako bere kargua. Alderdia zatitu daitekeela ere aurreikusi du, eta bere aurkako «sorgin ehiza» salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.