Iruñeko 3. instrukzio auzitegia Arangurengo (Nafarroa) taberna bateko gizonezko zerbitzari bat ikertzen ari da emakumeen komunetan mikrokamerak jarri eta bezeroak grabatzeagatik, gutxienez azken hilabeteetan. Uztail hasieran Iruñeko establezimendu publiko batean sakelako telefonotik grabatzen atzeman ondotik ireki zuten ikerketa Iruñeko udaltzainek.
Ikerketan, hainbat pertsonaren intimitateari eragiten dioten irudi grafikoak topatu dituzte, eta tartean, Arangurengo taberna bateko emakumeen komunean grabatutakoak. Intimitatearen kontrako delitua egin duelakoan ikertzen ari dira gizonezkoa.
La Loli Gastrobar tabernan izan dira grabazioak. Jabeak lur jota agertu dira ikerketaren berri izatean. Salatzeko eskatu diete bezeroei, «ikerketak aurrera egin dezan eta grabazioetan daudenei eragin diezaizkiekeen kalteengatik ordain dezan».