Euskal Herria

Arantza Quiroga izango da EAEko PPko presidente berria

Zuzendaritzak aho batez onartu du haren hautagaitza, eta asteartean berretsiko du erabakia lurralde batzordeak.

Berria.info
2013ko maiatzaren 10a
20:27
Entzun

Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko bozeramailea izango da EAEko PPko presidente berria. Alderdiko zuzendaritzako kideek aho batez babestu dute haren hautagaitza. PPren lurralde  batzordeak bilera egingo du asteartean, eta erabakia berretsiko du. Modu horretan, ezohiko batzarrera deitzea saihestu du zuzendaritzak. Alderdiko iturriek jakitera eman dutenez, “hilabete batzuk” atzeratuko da batzarra. Ordura arte presidente kargua hartuko du Quirogak, eta batzar horretan militanteek erabakiko dute karguan uzten duten edo ez.

Antonio Basagoitik alderdiko presidentetza utzi behar duela iragarri eta egun gutxira hartu du erabakia zuzendaritzak. Gaur bildu dira Basagoiti, Iñaki Oiarzabal idazkari nagusia eta Alfonso Alonso Arabako presidentea, Anton Danborenea Bizkaikoa eta Borja Semper Gipuzkoakoa. Alonsok ez zuen baztertu hautagaitza aurkeztea, baina egun Madrilen duen karguan eroso sentitzen zela adierazi zuen —PPren bozeramailea da Espainiako Kongresuan—. Hautagaitza ez aurkeztea galdegin diote zuzendaritzako kideek, eta eskaera onartu du Alonsok.

Quiroga (Irun, 1973) lau legegintzalditan izan da Eusko Legebiltzarrean. 2009tik 2012ra  Legebiltzarreko presidentea izan zen. Egun, PPren bozeramailea da gizarte politikako idazkaria. Zuzenbide lizentziaduna da, eta Opus Deiko kide ez-juridikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.