Arantza Tapia, Leopoldo Barreda eta Odon Elorza, Madrilerako hautagai

Hirurak zerrendaburu izango dira Diputatuen Kongresurako hautagaitzetan; aurretik ez dira hautetsi izan MadrilenUrriaren 12tik 17ra bitartean aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdi eta koalizioek

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako hauteskunde orokorretarako zerrendaburuak nor izango diren argitzen ari da, eguna gerturatu ahala. EAJk, PPk eta PSE-EEk Diputatuen Kongresurako osatu dituzten zerrenden buruak nortzuk izango diren zabaltzen ari da, nahiz eta kasu batzuetan ofizialki ez dituzten aukeratu. Hiru alderdietan izango dira aurpegi berriak: Arantza Tapia batzarkidea izango da jeltzaleen zerrendaburua Gipuzkoan; PPren Bizkaiko zerrendaburua Leopoldo Barreda legebiltzarkidea izango da, eta PSE-EEren Gipuzkoakoa Odon Elorza, Donostiako alkate ohia.

EAJk gaur egin behar ditu hautagaiak berresteko lurralde batzarrak, eta, ezustekorik ezean, Josu Erkoreka izango da Bizkaiko zerrendaburua, eta Emilio Olabarria Arabakoa. Bi horiek hirugarren aldiz aurkeztuko dira Diputatuen Kongresurako hautagai, eta Tapiak Jose Ramon Belokiren tokia beteko du, hark politika uztea erabaki ostean. Geroa Bai plataformaren baitan aurkeztuko da EAJ Nafarroan Zabaltzenekin, Atarrabia Taldearekin eta independenteekin batera, eta hango zerrendaburua Uxue Barkos izango da, duela lau urte Nafarroa Bain izan zen bezala.

PPk atzo egin zituen hautagaiak erabakitzeko bilerak. Barredak beteko du Bizkaiko zerrendako aurreneko postua —Ignacio Astarloa izan zen aurreko bozetan—, Alfonso Alonsok Arabakoa eta Jose Eugenio Azpiroz Gipuzkoakoa. UPNk eta PPk Nafarroatik aurkezteko elkarlanean osatu behar duten zerrendako hautagaiak nortzuk izango diren ez dago erabat argi, baina Yolanda Barcinak aurreratu zuenez UPNko Carlos Salvador izango da seguruenera zerrendaburua. Atzo baieztatu zen zerrendako bigarrena PPko Jose Cruz Perez Lapzaran izango dela.

Odon Elorzak Miguel Buen ordezkatuko du PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaren aurreneko tokian. Bizkaiko eta Arabako hautagaiek, bestalde, errepikatu egingo dute: Eduardo Madina eta Ramon Jauregi izango dira hautagai horiek, hurrenez hurren. PSNko hautagaia Juan Moscoso izango da.

Urriaren 12tik 17ra bitartean aurkeztu behar dituzte alderdi eta koalizioek euren hautagai zerrendak. Haien inguruko berri gutxien zabaldu duen koalizioa Amaiur da. Koalizio akordioa egin berri dute, eta hautagai zerrendak adostear daude. Aurki egingo dituzte publiko.

«Programarik ez»

Hain justu, koalizio horren kontrako hitzak izan ditu Emilio Olabarria jeltzaleak. EAJk udal eta foru hauteskundeetan Bilduren kontra erabilitako estrategia berari eutsi dio, eta Amaiurren hauteskunde programari buruz ezer ez dakiela esan du. Autodeterminazioaren aldeko defentsa egingo duela bakarrik ezagutzen dela salatu du: «Gainerako guztia ezezaguna da». Amaiurrek autodeterminazio eskubidea «banalizatzeko» arriskua dagoela ohartarazi du. Izan ere, bere iritzian «ulertzeko zaila da Kongresuan autodeterminazio eskubidea defendatu daitekeela pentsatzea, arrakasta lortzeko itxaropenekin». Kontzeptu horren defentsan «gehiegi» insistitzen bada, kontrako efektua gerta daitekeela uste du diputatu jeltzaleak, «arinkeriaz» hartu baitaiteke «defentsa ezegokia, zehaztasun gabea eta beharrezkoak diren gehiengorik gabekoa egiten bada».

EAJk Diputatuen Kongresuan «ardura politikoarekin» jokatu duela nabarmendu zuen Olabarriak atzo, Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Izan ere, bere iritzian, Espainiako aurrekontuei jeltzaleek babesa emateak eragotzi zuen Espainian finantza erreskatea izatea. Gainera, «ardura politikoarekin jokatuz», babes horren trukean transferentziak lortu zituztela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.