Guardia Zibilak Arantza Zulueta abokatua atxilotu zuen atzo arratsaldean Hernanin (Gipuzkoa), taberna batean bazkaltzen ari zenean. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta atzeman zuten. Atxilotu zutenean, guardia zibilek adierazi zioten bere egoera aldatu egin dela, bere aurkako auzian beste proba batzuk aurkitu dituztelako. Zulueta Madrilera eraman zuten, Soto del Real espetxera, baina ez zuten inkomunikatu. Gaur da deklaratzekoa epailearen aurrean, goizeko hamarretan .
Polizia iturriek zabaldutakoaren arabera, herenegun Baigorri inguruan (Nafarroa Beherea) aurkitu zituzten zuloekin zerikusia duelako atxilotu dute abokatua. Poliziak esan du 20.000 euro, tenporizadore bat, bi arma eta lehergaiak egiteko materiala aurkitu zituztela zulo horietan, eta, hain zuzen ere, zulo horien planoak atzeman zituela iazko apirilean Zuluetaren bulegoan, hura atxilotu zutenean. Poliziak zabaldu du planoak Zuluetaren bulegoan ezkutatutako pen-drive batean zeudela, eta informazio asko gordetzen zuela. Zuloak orain arte aurkitu ez izana azaltzeko, argudiatu dute denborarik ez dutela izan pen-drive-ko informazio guztia aztertzeko.
Iazko apirilean atxilotu zuten Zulueta, Guardia Zibilaren operazio batean. Orduan, hamar lagun atzeman zituzten, Grande-Marlaskaepailearen aginduz; tartean, euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren hiru abokatu: Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi. Abenduaren 2an aske utzi zuten Zulueta, 60.000 euroko bermea ordainduta. Grande-Marlaska epailearen aurrean deklaratu ostean, Fiskaltzak haren kontrako neurririk ez zuen eskatu, eta aske geratu zen.
Kalera irten zenean, BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan, adierazi zuen abokatuen aurkako operazioei eusteko asmoa sumatzen zuela. «Preso politikoekin eta errepresaliatu politikoekin lan egiten duen abokatu oro bidetik kentzeko asmoa dute, haien estrategia aurrera eraman ahal izateko», salatu zuen. Zuluetak orduan azpimarratu zuen abokatuen aurka jotzen zutela eta oztopotzat hartzen zituztela, preso eta errepresaliatuen eskubideen defentsa egiten zutelako eta eskubide urratzeak jendaurreak salatzen dituztelako.
Amaia Esnal Bateragune auzian auzipetuaren abokatua ere bada Zulueta. Aurreko astean parte hartu zuen epaiketa horretan, eta, besteak beste, epaimahaiari eskatu zion gatazka gainditzeko sortu diren aurkerak ez zapuzteko.
Ezker abertzalearen salaketa
Ezker abertzaleak gaitzetsi egin du Zuluetaren atxiloketa, eta berehala aske uzteko eskatu du. ETAk bidali duen azken agirian bere konpromisoa berretsi duen egunean «Estatuaren erantzuna errepresioaren bidez» etorri dela salatu du. «Normalizazio politiko eta demokratikoaren bidean urratsak eta konpromisoak eskatzen dituen herri batentzako duen eskaintza politiko eza errepresio eta jazarpenaren bidez ezkutatzen saiatzen da Espainiako estatua». Ezker abertzaleak dei egin dio Estatuari «blokeozko jarrera oztopatzailea» alboratzeko eta «errepresio oro» bertan behera uzteko.
Arantza Zulueta abokatua atxilotu dute Hernanin, baina ez dute inkomunikatu
Polizia iturriek diote iaz haren bulegoan aurkitu zituzten planoekin aurkitu dituztela Baigorriko hiru zuloak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu