Arantza Zulueta baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. «Talde terroristako kide» izatea egotzi dio epaileak. Aurretik ere auzipetuta zegoen, baina 60.000 euroko bermea ordainduta, aske zegoen. Orain, haren kontrako «froga» gehiago agertu direla dio epaileak. Grande-Marlaskak ez du baztertzen, eginbideen ondorioz, lehergailu eta armak edukitzea egoztea ere.
Zuluetaren bulegoko pendrivebatean astearen hasieran Baigorrin (Nafarroa Behera) topatu zituzten hiru zuloen planoak zeudela dio epaileak, abokatuaren espetxeratzearen berri emateko idatzitako autoan. Zulueta iazko apirilean atxilotu zuten aurreneko aldiz, beste hiru abokatu eta sei herritarrekin batera. Orduan arakatu zuten Zuluetaren bulegoa, eta, epailearen arabera, orduan atzemandakoa da planoak jasotzen dituen pendrive-a. Epaileak ez du kontuan hartu, ordea, bulegoaren miaketa irregularra izan zela esanez hainbat abokatuk eta abokatuen elkargoak egindako salaketa.
Operazio hartako miaketetan irregulartasun asko egon zirela azaldu zuten. Hernaniko bulegoan, esaterako, guardia zibilak hogei minutuz beren kasa, idazkari judizialaren presentziarik gabe ibili zirela. Ondoren, atxilotuta zeukaten abokatu batek salaketa larriak utzi zituen aktan jasota: guardia zibilek «leku arraroetan» aurkitu zituztela zioten zenbait gauza aurrez ez zeudela han. Abokatuen sekretu profesionalerako eskubidea urratu zela ere salatu zuten.
Hori guztia ez du kontuan hartu, ordea, Grande-Marlaskak, eta Guardia Zibilak urte eta laurden beranduago aurkeztu dion «froga» onartu du Zulueta berriz espetxeratzeko. Vicente Gonzalez Mota fiskalak eskatu du Zuluetaren espetxeratzeko; hain justu, Bateragune auzian aurrez aurre duen fiskalak. Izan ere, Amaia Esnalen abokatua da Zulueta, eta azken orduan Esnalen kontrako akusazioa erretiratu arren, Gonzalez Motaren eskariz eraman zuten epaiketara.
ETAk Zuluetari Espainiako Auzitegi Nazionalaren inguruko informazioa eskatu ziola ere esaten du Grande-Marlaskak autoan, eta baita «informazio sare bat» osatzeko agindu ziola ere.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogor salatu du Zulueta espetxeratu izana, eta berehala askatzeko eskatu du. Asteazkenean argitaratutako ETAren agiriari Espainiako Gobernuak eman dion erantzuna dela pentsatzen du. «Konponbide demokratiko baten aukeraren aurrean, errepresio eta ukazio egoera betikotu nahi dute». Errepresioa gelditzeko «erronka politikoari» heltzeko deia egin du AAMk, horrek ekarriko baitu, haren ustez, «abian den prozesu demokratikoa sendotzea eta azkartzea».
Atxiloketa salatzeko mobilizazioak egin dituzte Bilbon, bai atzo eta bai herenegun. Gaur ere elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean, Espainiako Gobernuaren Azpiordezkaritzaren aurrean, Plaza Eliptikoan.
Arantza Zulueta abokatua berriz espetxeratu dute, Marlaskak aginduta
Zulueta berehala askatzeko eskatu du AAMk, eta «errepresioa eta ukazioa betikotu» nahi dutela salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu