Euskal Herria

Arantzazuko Bake Zentroa zuzenduko du Jonan Fernandezek

Frantziskotarren ekimenez sortutako Arantzazu Baketik Fundazioak egindako proposamena onartu eta maiatzetik aurrera Arantzazuko Bake Zentroa zuzenduko du Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaile ohiak. Besteak beste, "istiluen konponbideari eta bakerako jarduerari dagozkienetan esperientzia zabala" duelako proposatu zuen fundazioak Jonan Fernandez zuzendari kargurako.

2006ko apirilaren 20a
17:26
Entzun
Joan den apirilaren 11an osatu zuten frantziskotarrek Arantzazu Baketik Fundazioa eta euren helburu nagusia bakerako zentro bat osatzea zen. Fundazioaren lehen lana zentro hori zuzentzeko hautagaia proposatzea izan da eta Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaile ohia aukeratu dute postu horretarako. Fernandezek onartu egin du zentroaren zuzendaritza bere gain hartzea.

Arantzazu Baketik Fundazioak hainbat irizpide hartu ditu kontutan hautagai egokiena nor izan zitekeen erabakitzeko: "Istiluen konponbideari eta bakerako jarduerari dagozkienetan esperientzia zabala izatea, alderdiekiko loturarik ez izatea eta etika ikuspegiarekiko konpromisoa onartzea". Izan ere, Arantzazu Baketik Fundazioak adierazi duenez, "horretan oinarritu nahi baita Bakerako Zentru honen proiektua".

Maiatzetik aurrera "buru-belarri"

Jonan Fernandezen lehen lana, zentroa martxan jartzeko "plana zehaztea izango da". Elkarriko koordinatzaile ohiak maiatzetik aurrera ekingo dio "buru-belarri" proeiktu honi. Arantzazu Baketik Fundazioak azaldu duenez, Iñaki Beristainek koordinatu duen lan-taldeak prestatu dituen oinarrien arabera jarriko dute abian zentroarentzako plana.

Aurreikuspenen arabera, udarako zehaztuta egon behar luke proiektuak eta urria hasieran estreinatu ahal izango dute. Bakerako zentro hori Gandiaga Topagunean egongo da eta bertan egiten ari diren egokitze lanak uztaila amaierarako bukatuta izango direla espero dute.

Frantziskotarren ekimenez sortu den zentroa bada ere, beraiek erabakita "zentro hau irekia, leikoa, akonfesionala eta autonomoa" izango da eta helburu nagusi bat izango du: "Istiluak etikoki lantzen ikasteko bideak sustatzea".

Zentroak hainbat ekintza burutuko ditu, besteak beste: ikasketa eta ikerketak garatu, hitzaldiak, ikastaroak, mintegia eta abar antolatu, argitalpen eta txosten bereziak egin eta aholkularitza-zerbitzuak eskaini.

Jonan Fernandez, Arantzazuko Bake Zentroko zuzendariak datorren apirilaren 24ean sakonago hitz egingo du proiektuaz eta honen ibilbideaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.