Nafarroako ararteko Javier Enerizek ziurtatu du erakunde hori kentzeak apenas eragingo lukeela Nafarroako zor publikoan, eta, aldiz, "atzerapauso demokratiko" bat izango litzatekeela. Enerizek Nafarroako Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordean egin du agerraldi bat, eta bertan esan du bera buru duen erakundea kentzeak 300.000 euro aurreztea eragingo lukeela, "Nafarroako aurrekontuen 0,0078".
Arartekoa kentzeak "tristura" sortuko lioke Enerizi. "Ez neregatik, herritarrengatik baizik, eskubide konstituzionalen galera bat izango litzatekeelako; atzerapauso demokratiko bat". Azaldu du berak zuzentzen duen erakundea "merkeenetarikoa" dela, eta gogora ekarri du Arartekoaren aurrekontua %40 jaitsi dela 2007az geroztik. Lan taldea heren bat murriztu dela ere ohartarazi du.
Gainera, Enerizek kritikatu du erakundea ezabatzea ez den beste neurririk kontuan ez hartzea.
Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek "bereziki beharrezkotzat" jo du Arartekoaren papera egungo egooeran: "Erakundeak eta demokrazia egunero-egunero eraikitzen dira, eta Arartekoa urrats bat da eboluzio demokratikoan". Gaineratu du Parlamentuak sortu zuela erakunde hori, eta bere ardura dela hura babestea.
UPNko parlamentari Carlos Garcia Adanerok erantzun dio Ramirezi. Esan du EAk ez zuela babestu Arartekoaren sorrera, eta orain "babestu ez zenuten zeozerren babesle" izatea egotzi dio.