Arartekoak dio gizarte babesarekin lotutako kexak %313 hazi direla

Oinarrizko errenta jasotzeko baldintzak gogortu dituztenetik babesgabetasun kasu gehiago daudela nabarmendu du LamarcakMendiak gogorarazi du gastu sozialerako «inoiz» baino diru gehiago eman dutela

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gizarte babeserako sistemarekin arazoren bat izan duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren kopurua nabarmen hazi da. Hori erakusten du behintzat Arartekoaren 2011ko txostenak; %313 hazi dira urte bakarrean gai horri buruzko kexak. Hau da, baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan daudenei arreta emateko laguntzak direla-eta EAEko herritarren defendatzaileak iaz jasotako kexak 2010ekoen halako lau dira. Kexa gehien jasotzen duten ekintza eremuen artean zazpigarrena zen lehen, eta lehena da orain, alde adierazgarriarekin.

2011. urteko Arartekoaren jardueraren txostena eman zion Iñigo Lamarca EAEko arartekoak Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteari atzo. Horren harira, txostenaren datuak azaldu zituen, baita gizarte babeserako sistemarekin lotutako kexen gorakada ere. 2010. urtean 78 kexa jaso zituen Arartekoak, eta 2011. urtean 322 pertsonak jo zuten harengana administrazioaren aurrean babesa eskatzeko.

Kexen zergatia oso zabala izan dela azaldu du arartekoak: laguntzen etetea, atzerapena, laguntzak ustez modu ezegokian jasotzeagatik jarritako isunak... «Behin eta berriz errepikatu dugu edozein laguntza eten aurretik pertsonari hitza eman behar zaiola eta erabakiak ondo arrazoituta egon behar duela». Horrez gain, ahalik eta azkarren erabakitzea galdegin die arartekoak administrazioei.

Kexen igoera gizarte laguntza jasotzen duten pertsonen hazkundearen eskutik datorrela azaldu du Lamarcak. Dena den, gizarte laguntzak jasotzeko baldintzak gogortu dituztela gogorarazi du; besteak beste, gutxieneko diru sarrera bermatzeko errenta jasotzeko gutxieneko errolda epea urte batetik hiru urtera pasatu dute. Horrenbestez, babesgabetasun kasu gehiago daudela nabarmendu du.

Baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei laguntza aitortu ez arren, babesgabetasun egoeran egon ez daitezen gutxieneko baliabideak bermatu behar dizkiela zehaztu die instituzio publikoei: lo egiteko lekua, jatekoa... Hori zuzenean zein zeharka egin dezaketela adierazi du, gobernuz kanpoko erakundeei eta elkarteei emandako laguntzen bidez, Caritas adibidez.

Eskumen aldaketaren arazoa

2012ko urtarrilean eta otsailean ere gizarte laguntzekin lotutako kexak hazi direla aurreratu du Lamarcak. Gorakada egungo testuinguruarekin lotu du. Hain zuzen ere, 2011ko abenduaren 13an gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa foru aldundietatik Eusko Jaurlaritzara igaro zen, eta 2012ko urtarriletik Lanbide da errenta ordaintzeko arduraduna. Tarte horretan kritika zorrotzak jaso ditu Lanbidek hainbat kolektiboren eskutik; «eskubideak urratzea» leporatu diote, baita errenta jasotzeko eskari berriak bideratzeko «geldotasuna» ere.

Lamarcak azaldu du etxebizitzaren alorrean ere zenbait kexa jaso dituela babes ofizialeko alokairuzko etxebizitzen inguruan. Jaurlaritzak etxetik botatzeko aukeraren aurrean «zubi lana» egin duela jakinarazi du arartekoak, informazio trukea erraztuz. Zenbait kasutan administrazioak arrazoi zuela nabarmendu du, baina, kasu horietan ere, herritarra babesgabetasun egoeran ez uzteko ardura izan beharko lukeela gaineratu. Bide batez, gogorarazi du banku eta kutxekin izandako arazoetan ezin dela sartu, eremu pribatuari baitagokio.

«Sekulako ahalegina»

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzoko gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoa baliatu zuen Lamarcari erantzuteko. Gizarte laguntzak mantendu ahal izateko Jaurlaritza «sekulako ahalegina» egiten ari dela nabarmendu zuen. Gaur egun gastu sozialera bideratutako inbertsioa «inoiz» baino handiagoa dela gogorarazi zuen, eta kontrakoa esatea «iruzur egitea» litzatekeela gaineratu.

Horrez gain, gutxieneko diru sarrera bermatzeko errenta jasotzen dutenak inoiz baino gehiago direla azaldu zuen, eta gizarte laguntzen batez bestekoa 600 eta 700 euro artekoa dela zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.