«Arartekoak euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko eskatu behar die presoen egoeraren arduradun diren erakunde eta pertsonei». Hori da Etxerat elkarteak atzo Iñigo Lamarca Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arartekoari egindako eskaera. Izan ere, euskal preso politikoen hiru senide, Etxerat-en izenean, Lamarcarekin bildu ziren atzo, Donostian Arartekoak duen egoitzan: Josune Dorronsoro, Joseba Martin eta Mattin Troitiño elkarteko bozeramailea. Lamarcarekin bildu ondoren, Arartekoak Donostian duen egoitzako atarian prentsa agerraldia egin zuten preso eta iheslarien senideen elkarteko ordezkariek.
Josune Dorronsorok anaia du preso. Joseba Martinek ere bai, Txus Martin basauriarra, zeina duen gaixotasun larri bat dela medio, Langraizko kartzelara ekarri berri duten. Mattin Troitiñok aita du espetxean, Txomin Troitiño; zigorra bete duen arren, 197/2006 sententzia aplikatu baitiote. Joan den astean, Antton Troitiño osabari ere sententzia bera aplikatzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.
Dorronsororen, Martinen eta Troitiñoren kasuak dira horiek. Euskal presoek espetxean duten egoeraren hiru adibide bildu ziren atzo arartekoarekin. Adibideak hamaika izan zitezkeen, egoerak ere hamaika direlako, baina presoen senideen helburua bakarra da: «Bestelako jokaleku bat eraikitzea, preso eta iheslaririk gabeko jokalekua».
Etxerat-en arabera, bere konpromisoa «argia» da, eta konpromisoa eskatu dio arartekoari ere. «Lamarcak esku hartu behar du. Gure senideen egoeraren berri eman behar die hainbat erakunderi, eta, bide batez, baliabide eta ekinbide batzuk martxan jartzeko eskatu, presoen eskubideak errespetatuko diren jokaleku bat eraikitzeko».
Arartekoak ordubetez entzun zituen Etxerat-en eskakizunak. Lamarcaren ustez, ordea, Espainiako Gobernu berria osatu bitartean itxaron egin behar da, baita Espetxe Zuzendaritzako zuzendari berria izendatu arte ere; horregatik, bi hilabete barrurako beste bilera batera deitu du Etxerat.
Mattin Troitiño ez dator bat arartekoaren iritziarekin. Etxerat-en bozeramaileak egoitzaren kanpoaldean bertan esan zuenez, ez Etxerat, ez herritarren gehiengoa ez dago gehiago itxaroteko prest, pausoak «oraintxe» eman behar dira. «Nahikoa itxaron dugu jada. Euskal jendartearen gehiengoa aspalditik ari da euskal presoen oinarrizko eskubideak aldarrikatzen. Berehalako ekintzak behar ditugu».
Etxerat-en ustez, presoen eskubideak bermatzeko, Lamarcak eskabide batzuk egin behar dizkie Espetxetako Zuzendaritzari zein Espainiako Gobernuko Arartekoari. Batez ere, «ezinbestekotzat» jotzen dute euskal preso politikoei urteetan ezarri zaien espetxe politika «berezia» aldatzea; «sakabanaketa politika amaitu behar da, eta euskal presoak Euskal Herrira ekarri».
Balorazio publikoa
Etxerat-en iritzian, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak «berehala» askatzea galdegin behar dio Lamarcak Espainiako Espetxe Zuzendaritzari, baita ezarritako espetxe zigorra betea dutenak ere. Zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak betea dutenek, berriz, «baldintzapean» kalean egon behar lukete.
Arartekoak, beraz, gainontzeko erakundeei eskaerak «egin behar dizkie». Etxerat-ek Lamarcari balorazio publiko bat egiteko ere eskatu zion atzoko bilkuran. Balorazio bat, non euskal preso politikoen egoera azalduko duen jendaurrean. «Arartekoak azal diezaiela herritarrei oinarrizko eskubide zibil eta politikoak ukatuak dituzten pertsona horien defentsan zein urrats eta ekintza egiteko asmoa duen»
«Arartekoak esku hartu behar du presoen eskubideak bermatzeko»
Etxerat-eko kideek hainbat eskakizun egin dizkiote Iñigo Lamarcari; atzo bi aldeek bilkura egin zuten DonostianEspetxe politika «berezia» aldatu behar dela esan dio elkarteak arartekoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu