Etorkinen kontrako adierazpenak kaleratu eta astebetera, auzian esku hartzea erabaki du EAEko Arartekoak: ofiziozko jarduera bat hasi du Sestaoko alkate Josu Bergararen aurka. Erroldatzea ukatu dien herritarrak erroldatzeko exijitu dio. Izan ere, Bergarak oraindik ez du argitu zer egingo duen: etorkinek erroldan sartu ezinik segituko ote duten edo ez. Orain arte egin dizkion gomendioak ere betetzeko eskatu dio.
Arartekoak gaur bertan igorri dio eskutitz bat alkateari, neurriak har ditzan. Ohartarazi du Sestaoko hainbat herritar "marjinazio" egoeran bizi direla, baina udalak beste era batera jardun beharko lukeela. Ohar argia egin dio: "Ezin dugu ahaztu administrazio publikoek antolamendu juridikoa eta giza eskubideak goitik behera bete eta errespetatu behar dituztela. Batez ere, berdintasunaren printzipio behatu behar dute. Ezin dute pertsonak edo kolektiboak baztertu".
Arartekoaren gomendioak, bete gabe
Ez da lehenbiziko aldia Bergararen aurkako izapideak abiatzen dituztela. Arartekoak gogorarazi du azken urteotan hainbat alditan esku hartu behar izan duela Sestaoko Udalaren kontra, "ofizioz nahiz herritarren kexak bideratuz". Gaiarekin lotuta, sei gomendio egin dizkie udalari eta alkateari: 2011n egin zuen lehengoa, hain justu, Bergarak alkatetza hartu zuen urtean; 2013an, hiru; eta aurten, bi (gaurkoarekin).