Iñigo Lamarka EAEko Arartekoak Euskal Presoak Euskal Herrira gerturatzeko eskatu du webgunean ezarritako iritzi artikulu batean.
Arartekoak azaldu du "beharrezkoa" iruditu zaiola erakundeak euskal presoen egoeraz duen iritzia jasotzea, herritarren eskaerei jarraiki; "erakunde honi egiten dizkioten eskaeretan pertsona horien eskubideak bete daitezen galdatzen da, eta eskubide horiek babestea da Euskadiko Herriaren Defendatzailearen eginkizun orokorra".
Testuan, Arartekoak azpimarratzen du beti izan dela presoek zigorrak Euskal Herriko espetxeetan betetzearen aldeko eta zigorrak irizpide orokorren arabera ezartzearen aldeko," ETAko presoentzat berariazko edo aparteko araurik" ezarri gabe.
Arartekoaren esanetan, euskal presoak sakabanatzeko erabakia Espainiar Estatuko "botere betearazleak baliatutako terrorismoaren kontrako politikari" lotuta dago. Erakundearen ustez parametro horiek helburu berezi bat lortzeko ezarri zituzten: "ETAren ekintza kriminalen kontra borrokatzea eta talde terrorista hori desagerraraztea". Baina egoera berriaren ondorioz Arartekoarentzat "are zentzugabeagoa" da neurri horiek mantentzea; "gainbehera dator eskubide murrizketa oinarritu duen arrazoia".