Helduk ematen zituen zerbitzuak ematen jarrai dezan eskatu dio EAEko arartekoak Eusko Jaurlaritzari, zerbitzuaren kalitatean aldaketarik izan gabe. Atzo bertan jakinarazitako ebazpen batean jakinarazi du hori Iñigo Lamarcak; «kezkatuta» agertu da, Jaurlaritzak abiarazitako zerbitzu juridikoaren aldaketak sortutako kexak direla eta.
Hainbat elkartek arartekoarengana jo zuten argibide bila, Helduk ematen zuen zerbitzuaren kontratua ez luzatzeko erabakia zela eta. Ordutik Gizarte Gaietarako Saileko arduradunekin bildu dela jakinarazi du arartekoak, eta aldaketari buruz argibideak eskatu ostean, ondorioztatu du Jaurlaritzak ez duela nahi zerbitzuaren kalitatea «okerrera» egitea.
Dena den, 2002an hasitako zerbitzuak «aurrerapauso» garrantzitsua ekarri zuela gogoratu du arartekoak. «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren erreferente» bihurtu zela gogorarazi du; babesik gabe dauden atzerritarrei babesa emateko lanean eredu zela.
«Onuragarria ez den egoera»
Helduk ematen zuen zerbitzua kentzean «batere onuragarria» ez den egoera bat sortu duela ondorioztatu du arartekoak. Arreta zerbitzua apaltzeko arriskua ikusita, behin-behinean hartutako neurri guztiak indartzeko beharra ikusi du arartekoak; telefonoa eta posta elektroniko bidezko zerbitzua, kasu.
Horrez gain, gogorarazi du Jaurlaritzarena dela EAEn bizi diren etorkinen gizarteratzea lortzeko estrategiarik egokiena diseinatzeko ardura.
Arartekoak Helduren zerbitzuak ematen jarraitzeko eskatu du
Iñigo Lamarca «kezkatuta» agertu da, Jaurlaritzaren eredu berriak jaso dituen kexak direla eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu