Arartekoak ikerketa hasiko du Bilboko kafetegien inguruan

Iñigo Lamarcak adierazi du adingabeei sarrera galarazten dieten Bilboko kafetegien kasua juridikoki aztertuko dutelaOstalarien elkarteek kafetegiak babestu dituzte, debekua «normaltzat» baitute

2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
EAEko Arartekoak espedientea irekiko du, administrazio publikoari azalpenak eskatzeko. Azalpenak, adingabeei sartzea galarazten dieten kafetegien inguruan erakundeek egoki jokatu duten ala ez aztertzeko. Iñigo Lamarca arartekoak jakinarazi duenez, erakunde gisa ezin dute elkarte pribatuen inguruan ikerketarik eskatu, are gutxiago herritarrek Arartekoari zuzenean kexurik helarazi ez badiote. Horregatik, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sarbidea galarazteko eskubidea nola kudeatzen duten behatuko du. «Ez dakigu kafetegi horien jarrera legezkoa den ala ez, eta, horregatik, juridikoki aztertuko dugu, gaiaren inguruan gure iritzia emateko», azaldu du.

Hirukide familia ugarien elkarteak, bai; herritarren zuzeneko kexuak jaso ditu, eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da sarbidea debekatzeko eskubidearen inguruan zirrikiturik ote dagoen ikusteko. «Sumindurik» sentitzen direla adierazi du Natalia Diez-Caballerok, elkarteko buruak. Udalak eta Jaurlaritzak zer jarrera hartzen duten ikusiko dutela, eta horren arabera elkarte modura salaketa jartzeko aukera aztertuko dutela aditzera eman du.

Bilboko Udalak, berriz, «gehiegizkotzat» jo du adingabeei sartzea debekatzen dieten kafetegien jokabidea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin batera, kasu honetan esku hartzea erabaki du, benetan diskriminaziorik dagoen ikertzeko

Angel Gagok, EAEko Ostalarien Federazioko buruak, aldiz, erabat defendatu ditu Bilboko kafetegiok. «Espainian badaude adingaberik onartzen ez dituzten hotelak; nik neuk, hegaldiak ere eskatuko nituzke, lasaiago bidaiatzeko», azpimarratu du. Kafetegiek sartzea debekatzeko eskubidea baliatzen dutela azaldu du, eta horren bitartez adingabeei sartzea galaraztea «normala» iruditzen zaiola. «Legeak sexu, arraza eta erlijio arrazoiengatik eginiko bereizkeriak debekatzen ditu, adina ez dago jasota; diskriminazioa litzateke adingabe batzuei sartzen utziko baliete, eta beste batzuei ez, baina ez da hori kasua».

Lamarcaren hitzetan, ordea, Espainiako Konstituzioko 4. artikuluak adina babesteko beharra azpimarratzen du, eta Auzitegi Konstituzionalak ere askotan interpretatu izan du auzi hau: «Ezberdintasun oro baztertu behar dela ebatzi du auzitegiak, eta adinaribabes berezia eskaintzen dio Konstituzioak».

Badaude oinetako jakin batzuekin sartzea onartzen ez duten diskotekak, edota janzkera jakin batekin joateko eskaera egiten duten aisialdiko lokalak. «Horrelako kasuak ezin dira adinarekin alderatu. Arropa edota oinetakoak edonork alda ditzake; adina, ostera, une horretan duguna da, eta denbora pasatu ezean ezin molda dezakegu ezaugarri propio hori», azaldu du.

Gainera, ostatuetara sartzea debekatzeko eskubidea ezin da norberaren irizpideen arabera erabili. «Toki publikoak ez dira norbere etxea», esan du Lamarcak, «eta bertan sartzea debekatzeko balia daitekeen irizpide bakarra legeak ezarritakoa da, ez gutako bakoitzarena».

Eudel Euskal Udalen Elkartearekin harremanetan jartzeko asmoa duela ere azaldu du Lamarca arartekoak, horrelako kasurik beste udalerrietan gertatu ote den jakiteko. «Baliteke beste nonbait ere halako lokalak izatea; edota alderantziz, posible litzateke adingaberik gabeko aisialdiko lekuak eskatzen dituzten herritarrak egoteaeta etorkizunean guri kexuak helaraztea». Kasu horretan aukerak kontuan hartuko dituztela aditzera eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.